Arrasate Musikaleko musika bandak Monterronetik abiatuta Juan Arzamendi Musika Etxearaino egin duen kalejirarekin hasi da gaur arratsaldean Arrasateko hainbat kultura talderen egoitza izango den eraikinari ongietorria emateko ekitaldia.
Behin bertara heldutakoan, Juan Arzamendi zenaren familiakoei, tartean Ines Ceciaga alargunari, aurreskua dantzatu diete. Arrasateko musika eskolaren sortzaile eta lehen zuzendari izandakoaren senideak eurak izan dira, gainera, eraikinaren ateak ireki dituztenak. Bertako auditoriuma estreinatzeko, Maria Ubarretxenaren hasierako hitzaldiaren ostean, musikaz, kantuz eta dantzaz jantzitako ikuskizuna eskaini dute Arrasate Musikaleko musikariek eta dantza taldekoek eta Goikobaluko eta AGAko abeslariek. Lepo bete da aretoa, eta barruen egon ezin izan duten herritarrek eraikinaren kanpoan jarritako pantaila baten bidez jarraitu ahal izan dute ekitaldia.
Erakundetako ordezkaritza zabala
Arrasateko hainbat kultura eragiletako ordezkariekin batera, erakundeetako ordezkaritza zabala ere izan da Arrasaten. Hala, Arrasateko udalbatzako alderdi guztietako zinegotziekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Maria Jose Telleria; eta Guillermo Echenique, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordea izan dira bertan.