Martxan dira 'pumptrack' pista egiteko lanak, Markuleten

Eki Letona Erretolatza 2023ko mar. 29a, 15:01

Hondeamakinak, 'pumptrack' pista egiteko lanetan.

Aste honetan hasi dituzte pumptrack pista egiteko lanak Markuleteko biribilgune ondoko zelaian eta bost astetan bukatzea da aurreikuspena. "Hala ere, maiatz amaierara arte ez da espero erabilgarri egotea; asfaltoa finkatu arte, kalterik egon ez dadin", azaldu du Victor Fuentes zinegotziak. 

Poolsport Soluciones SL enpresak egindako diseinua izan zen iazko lehiaketan bozkatuena, 1.311 botorekin. Hori kontuan izanik, enpresarekin batera, Arrasateko pumptrack zaleek parte hartu dute diseinuan, udal ordezkariek azaldu dutenez, "herritarrentzat eta zaleentzat pista ahalik eta egokiena egiteko".

Gainera, kirol hori praktikatzen dutenen segurtasuna bermatzeko, herritarrei pista erabiltzen erakutsiko diete, parkour pistarekin egin zen bezala. "Jendeak pista ardurarekin erabiltzea lortu behar dugu, parkour parkea, pumptrack edo horrelako parkeak kontu handiarekin erabili behar dira", adierazi du Fuentesek.

"Ingurua errepidez josita dago, baina bertara heltzeko ez dago beharrik errepidetik joateko. Bidegorritik iritsi daiteke bertara, inongo arrisku gabe, horregatik iruditu zitzaigun, eremu egokia" azaldu du Maria Ubarretxenak. Azkenik, bidegorrian gautxori eremua guztiz berrituko da, herritarrei bidegorritik segurtasuna bermatzeko.

Eremuak 3.900 metro karratu izango ditu eta pista inguruan mahi batzuk jarriko dira, familian eta lagunartean etortzeko. Aurrekontua 125.000 euroka izan da, BEZa barne. 

Maria Ubarretxena eta Victor Fuentes, lanak atzean dituztela.

Elkarrekin lotutako bi zirkuitu

Pistak elkarren artean lotzen diren bi zirkuitu izango ditu. Horietako bat, "errazagoa" izango da eta 86,10 metroko luzera izango du. Bigarrena, aldiz, 63,70 metrokoa, "bereziagoa eta zailagoa" izango da, Fuentesen esanetan. Ibilbide osoak 149,77 metroko luzera izango du, bederatzi bihurgune eta 23 oztoporekin, dubbi, doble, step up eta step down-ez osatuak.

Zirkuitua irekia izango da erdialdean eta 75 eta 90 gradu arteko kurba sekuentziek osatuko dute. "Horrez gain, jauzi ugari ere izango ditu ibilbideak maila altuko erabiltzaileentzat. Sarrera librea izango da bizikletarekin, patineteekin eta monopatinarekin ibiltzeko".

Pumptrack-eko planoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak