Ezagutu Debagoieneko Lanbide Heziketako eskaintza Goiaz! azokan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko martxoaren 27a

Zenbait ikasle 'Goiaz!' azokaren aurreko edizio batean. (Argazkia: D.M.).

Martxoaren 29 eta 30ean izango da Debagoieneko Lanbide Heziketako zikloen inguruko azoka Arrasateko Kulturaten; eguaztenean, gainera, solasaldia egingo da ikasleen esperientziak ezagutu eta bertaratutakoen zalantzak argitzeko.

Goiaz! Lanbide Heziketaren Azoka egingo dute martxoaren 29an eta 30ean Arrasateko Kulturateko klaustroan. Eguaztenean, 08:30etik 14:30era eta 16:30etik 18:30era izango da; eguenean, berriz, goizez bakarrik. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa eta beste urte batez antolatu du Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak, eskualdeko Lanbide Heziketako zazpi ikastetxeekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Mankomunitatetik azaldu dutenez, helburu nagusia da, batez ere, "Lanbide Heziketa ezagutzera ematea eta lan-merkaturako balizko aukera bezala aurkeztea".

Lanbide Heziketaren nahiz prestakuntzaren inguruko informazioa eskainiko dute bailarako zazpi zentrok –Oñati Gestio Heziketa, Bergarako Mariaren Lagundia Ikastola, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Arizmendi Ikastola eta Oñati Institutua–; baita eskualdeko enplegu eta prestakuntzako agenteek ere, hala nola Bastida Akademiak, Arrasate Helduen Eskolak (EPA), Lanekik, Ikas Debagoienak  eta Garapen Agentziak. Guztira, Lanbide Heziketako hamabi familia profesionaletako 25 ziklo ikasi daitezke ibarretik atera gabe.

Informazioa eskura edonork

Zikloen eta prestakuntzen gaineko informazioa eskuratu nahi duen herritar oro joan daiteke Kulturaten jarriko dituzten standetara. Ikastetxeetako irakasleek eta ikasleek emango dute informazioa. Antolatzaileek adierazi dute, "neurri handi batean, ikasleei edo ikasketen ibilbide horretan aukeraketa egin behar duten ikasle horiei" zuzendutako azoka dela: "DBHko eta batxilergoko ikasleak izan daitezke, baita zikloetan dabiltzan ikasleak ere, horietako askok beste beste ziklo bat egiten baitute". Horregatik, dagoeneko bailarako zortzi ikastetxerekin bisitak lotu dituzte, eta, aurreratu dutenez, 225etik gora ikasle pasako dira.

Gurasoentzat ere bada, eta horren adibide da eguaztenean 18:30ean Kulturateko Areto Nagusian egingo duten Nik ere Lanbide Heziketa aukeratu dut solasaldia. Ikasleen esperientziak ezagutu eta zalantzak argitzeko abagunea izango dute gurasoek eta Lanbide Heziketan interesa dutenek. Parte hartzeko, izena eman behar da www.fpdebagoienalh.eus webgunean edo 943 79 30 90 telefonora deituta.

Erasmus Plus eta 'Debagoienean egina' erakusketa

Hamabosgarren edizioa bi berrikuntzekin dator, gainera: alde batetik, Erasmus+ txokoa jarriko dute. Mugikortasun programa da Erasmus+ eta Lanbide Heziketako ikasleek aukera daukate praktikak Europako herrialde batean egiteko. Une honetan ikasleak egonaldia zein lekutan egiten ari diren ikusi ahal izango da mapa baten.

Beste alde batetik, Debagoienean egina erakusketa jarriko dute. Lekua egin nahi izan diote ibarreko industriari, eta eskualdean ekoizten diren produktuak izango dira ikusgai: "Hainbat enpresak utziko dizkigute euren produktu edo pieza batzuk eta Kulturatera eramango ditugu. Azpimarratu nahi dugu gurean industriak duen pisua eta, aldi berean, gazteei ikusarazi zer-nolako produktuak egiten diren".

Hori etorriko denaren "lagin txiki" bat besterik ez dela diote. Izan ere, irailera begira, asmoa daukate erakusketa handitu eta herriz herri ibiliko den erakusketa sortzeko.

Halaber, datozen asteetan ere Lanbide Heziketako ikastetxeak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da zentroek egingo dituzten ate irekietan. Kontsultatu hemen ate irekien orduak eta egunak.

Lanbide Heziketa aukeratzeko arrazoiak

  • 2 urtetan lanbide batean aritzeko prestatuko zaitu
  • Erasmus+ lanbide batean aritzeko prestatuko zaitu
  • Dual-a: lan-ikaste partekatzea
  • Zuzeneko sarrera unibertsitate graduetara
  • Enpresarekin harreman estua; praktikak ezinbestekoak dira %90-100ekoa da.

Azkenik, ohar modura, aurrematrikulazioak garrantzia duela azpimarratu dute: "Lanbide Heziketa ikasteko aukera buruan daukan edonori aurrematrikulazioaren garrantzia azpimarratu nahi diogu –aurten ere, maiatzaren hasiera aldera izatea aurreikusten da–. Aurrematrikula egiteak ez zaitu ezertara behartzen, baina, azkenean, Lanbide Heziketa aukeratuz gero, lehentasuna izango duzu aukeratutako ziklo horietan izena ematerako orduan. Ondoren matrikulazioa egin beharko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak