Trabak aurkariek bakarrik jar ditzatela

Hasier Larrea 2023ko mar. 24a, 11:08
Amak Pirolitikak, Sitgesko Mater Series-ean.

Arrasate Rugby Taldeko Amak Pirolitikak taldeak Bilbon jokatuko den Mater Series txapelketan hartuko du parte zapatuan. Urtebete daramate entrenatzen, eta pare bat aldiz jokatu dute Espainiako taldeen aurka, baita "txantxetarako" ez daudela frogatu ere.

Oro har, kategoria ezberdinetako errugbilari gazteen amek osatutako taldea da Amak Pirolitikak, baina, Belen Aranbarri jokalariak zehaztu duenez, "beste kirolen bat praktikatzen duten seme-alaben amek ere badute tokia". Izan ere, astean zehar pilatutako motxilaren zama husteko baliatzen dituzte entrenamenduak. Mojategin batzen dira asteazkenero, 18:30etik aurrera, eta, ziurrenik, datorren denboraldian astean bitan egingo dituzte lansaioak: "Mater Seriesen, denboraldi honetan, Gasteizen eta Sitgesen lehiatu gara, eta aurkari oso serioekin egin dugu topo, esperientzia handiko jokalariekin. Guk orain arte kanpotik jarraitu izan dugu errugbia, neurria hartzen ari gatzaio", dio Aranbarrik.

Desberdintasun horrek lesio larriak ekarri dizkie talde ezberdinetako zenbait errugbilariri. Hori ikusita, Mater Seriesko araudia moldatzen joan dira, eta, gaur-gaurkoz, taldeak bi kategoriatan daude banatuta, lehiaketa da bata, eta garapena bestea. Bilboko El Fango zelaian, bihar, 11:00etatik 16:30ak arte, hamazortzi taldek –horietako bost, euskaldunak– eta 325 emakumek bat egingo dute. Hamahiruk jantziko dute ARTren elastikoa. Aranbarriren esanetan, beraiek "errugbi soziala" praktikatzen dute, emaitzari baino, lagunarteari begiratzen diona: "Ilusio handiena egiten diguna aurreko hitzorduetan ezagutu ditugun lagunekin batzea da, baita talde berrietako amekin harremana egitea ere". Arrasateko klubak autobusa antolatu du goizetik joateko, eta senior mailako emakumeak ere hor joango dira, zelai berean jokatuko dutelako ligako partidua, 18:00etan, Uni Bilbaoren aurka.

ARTk Mater Series-ko jardunaldi bat herrira ekarri gura du datorren urtean, gainera.

Lau gaztetxo, Gipuzkoako selekzioarekin

ARTko 15 urtez azpiko Nerea Guerrerok, Laia Sanzek, Izadi Elortondok eta Leah Moralek asteburu berezia dute aurretik, Senperen (Lapurdi) jokatuko baitute konbinatu gipuzkoarrarekin, inguruko lurraldeetako ordezkariek parte hartuko duten lagunartekoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak