Bidea urratzen, zuzenekoetan erantzunda

Hasier Larrea 2023ko mar. 24a, 09:38

Oxel Arriaran, Julen Altuna, Mikel Bolinaga eta Manex Bakero.

Arrasateko punk-rockaren diskografiari beste lan bat batu zaio, Kontralde taldearen Erantzunen bila LPa. Laukoteak bihar, zapatua, egingo du kantu berrien aurkezpen kontzertua, gaztetxean; Hankaz Gora taldeak irekiko du emanaldia, 22:30ean hasita

Zortedun sentitzen dira Kontraldeko kideak, duela pare bat urte sortutako proiektua izanda, kartel esanguratsuetan azaltzeko aukera izaten ari direlako. Izan ere, Madrilgo Mostoles auzoan aztarna utzi zuten urrian, Neallta Fola, Yugular eta Nafarroa 1512 taldeekin oholtza partekatuta: "Egun batetik besterako kontua izan zen; ostegun batean deitzen dizute ea bi egun barru Madrilen jo nahi duzun, ba nola esango duzu ezetz!", diote, aho batez. Han emandako itxurak datorren irailean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jotzeko ateak ireki dizkie, Alemaniako Lokaemie punk-oi! bandaren biraren baitan. Esperientzia laburreko formazioa izateko, ez da lorpen makala: "Kontziente gara ohi baino goizago iritsi zaizkigula aukera hauek; guk uste kontzertuetan beste taldeekin egin dugun harreman onaren eta zuzenekoetan erakutsi dugun jarreraren fruitu direla", arrazoitu dute.

HAMAR KANTUKO DISKOA ENTZUNGAI DAGO INTERNETEN; APIRILEAN HELDUKO DA FISIKOAN, ETA DAT, TAUPA, IKATZ, KIXKOR ETA BERGARAKO ARRANOAN ESKURATU AHALKO DA

Naturaltasunez

Helburuak pausoz pauso finkatzen joan dira laurak elkartu zirenetik. Mikel Bolinaga gitarra-joleak jarri zuen iniziatiba, bera eta Julen Altuna baxu-jolea parte ziren Bloom taldea desegin ostean: "Altunari esan nion ideia musikalak garatzen jarraitzeko; Depos-Gaz lokaletan Bakerorekin, Rebel Noise-ko bateria-jolearekin, topo egiten genuen. Hirurok Bloom-eko hiru abesti eta zenbait bertsio jotzen hasi ginen. Abeslaria Oxel Arriaran izan zitekeela pentsatu genuen, eta horrela jarri ginen martxan, presio gabe, giro onean eta pixkanaka abesti berriak egiten".

Inguruko gaztetxe eta tabernetan eskukada bat kontzertu eman eta errepertorio propioa handitzeaz bat, joan den uda bukaeran estudiora joateko erabakia hartu zuten: "Haritz Arreguyrengana jo genuen, Usurbilgo Higain estudiora, bagenekielako nola lan egiten zuen; ohituago dago talde helduagoekin lan egitera, baina sekulako gertutasuna erakutsi digu, asko lasaitu gaitu eta oso eskertuta gaude, diskoaren emaitzarekin, baina batez ere bere aldetik jaso dugun tratuarekin".

Erantzunen bila-n ahots ezagun batzuk ere entzun daitezke, hala-nola, Yugularreko Ivi eta Magulin-enak eta Never Surrenderreko Pottoko eta Arri-renak. Baina lagun gehiagok jarri dute euren aletxoa: "Añubeko Hans-en hitzak daude kantu batean, diskoa Josu Azkarate Zelaitxo-k diseinatu du, argazkiak Clayton-eko Ulli-k atera dizkigu eta bideoak Mikel eta Andoni Agirre anaiek ondu dituzte". Diskoa bertsio batek ixten du, Bakeroren aita kide zen Heriotza taldearen Bakardadean-ek, "kantu horrek estudioan grabatua izatea merezi zuelako". Epe motzean kontzertu gehiago ere egingo dituzte, hilaren 31n Oñatiko Ikatzen, apirilaren 29an Antzuolako gaztetxean eta maiatzaren 13an Zigarrolako jaietan izango baitira.

Agurtzeko, taldeak daraman izen kuriosoa asmatu zuena izan dute gogoan: "Luis Zabala Gigi-ri kamiseta bat zor diogu, Goienan duela zenbait urte argitaratutako bideo batean hitz hori lehen aldiz aipatzeagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak