Urruntze-agindua zeukan gizonezko bat atxilotu dute, teilatuetatik ihes egiten saiatu ostean

Hasier Larrea 2023ko mar. 19a, 10:45
Gaur goizaldean, Ertzaintzaren patruila-autoa gertaera jazo den inguruan.

Ostiral gauean SOS Deiek abisua jaso zuten, Arrasateko Garro Jenerala kaleko bloke baten teilatuan pertsona bat zegoela jakinarazteko. 40 urteko gizonezko hori ihes egiten saiatzen zebilen, urruntze-agindua ezarrita daukan familiaren etxean agertu ostean. Gizonezkoa, gainera, 12 urteko espetxe zigorra betetzeko zain zegoen.

Udaltzaingoa bertaratu zen lehenengo. Gizonezkoa teilatuan zegoen ordurako, bere burua arriskuan jartzeko egoeran. Agenteak saiatu ziren jaisteko konbentzitzen, baina kasu egin beharrean, beste teilatu batera salto egin, argi-zuloa puskatu eta atarte horretako zazpigarren solairuko pisu batean sartu zen indarrez. Balkoira irten eta bost pisu jaitsi zituen, banan-banan, azpiko balkoietara salto eginez. Udaltzainek elkarrizketei berrekin, lurrera salto ez egiteko konbentzitu eta gizonezkoa eskailera luze baten bitartez jaistea lortu zuten. Ertzaintza, suhiltzaileak eta psikologoak ere bertaratu ziren.

Ordu batzuk iraun zituen ihesaldi saiakerak. Gizonezkoa atxilotua izan zen azkenean, eta Martuteneko espetxean sartu dute preso. Ertzaintzak gaur goizaldean eman du amaitutzat ikerketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak