2011 ezkero, Ozenki elkarteak lirika eta musika Debagoienera gerturatzeko egiten du lan. Oraingo honetan, obra ezagun eta garrantzitsua ekarriko dute. Turandot Puccinik bukatu gabe utzi zuen musika-testamentuaren parte da. Haren obrarik abangoardistena izateaz gain, idatzita utzi zituen operetatik onenetakotzat hartzen dute adituek. Obrak Pekingo printzesaren bizitza hartzen du ardatz, eta Turandoten eta harekin maitemintzen den Tartariako Calaf printzearen amodioaren gainekoak kontatzen ditu.
Hori guztia aurrera eramateko, muntatze erraldoia izango da eta 50 pertsona baino gehiago lanean arituko dira. Operak Amaia antzokiaren oihala altxatzeko bi aste falta dira. Ozenki elkarteak gogorarazi nahi du sarrera batzuk geratzen direla oraindik salgai; sarrera horiek Amaia antzokiaren txartel-leihatilan bertan edota arrasate.eus webgunean eros daitezke.