Leire Mugerza saritu dute berdintasunaren alde egindako lanarengatik

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 9a, 12:03

Leire Mugerza, gorriz, alboan Idoia Mendia duela saria jasotzen. Iturria. TUlankide

Mondragon Taldeko Kongresuko Batzorde Iraunkorreko lehendakariak aitortza jaso zuen atzo, Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldian. 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du Mugerzak, eta erantzukizun handiko karguetan beste emakume batzuei ateak irekitzeagatik izan zen saritua.

Atzo, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko egunean Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko presidentea den Leire Mugerza (Mutriku, Gipuzkoa, 1976) saritu zuten berdintasunaren alde egin duen lanarengatik. Kooperatibetan parekidetasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde egin du lan Mugerzak. 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du mutrikuarrak kooperatibetan eta aitortza jaso zuen urte hauetan erantzukizuneko karguetan beste emakumeei ateak zabaltzeagatik. Gasteizko Goiuri jauregian ospatu zen ekitaldian, Bidegintza eta Edi kooperatibek ere errekonozimendua jaso zuten.

Ekitaldian izan ziren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Maider Echevarria Gasteizko Udaleko alkateordea, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Belen Balerdi Kooperatiben Kontseiluko idazkari nagusia. 

Leire Mugerza, bidelagun izan dituen pertsonak izan zituen gogoan TU Lankideri egindako adierazpenetan:  "Nik jasotzen dudan aitorpena da, baina posible egin duten pertsona guztientzako errekonozimendua dela sentitzen dut". Era berean sariak Mondragoneko kooperatibetan bizi duen errealitate bati "ikusgarritasun" handiagoa ematen diola gaineratu zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak