Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Gipuzkoako elkarteak Aspegi Konektatuz proiektuaren I. edizioa egingo du bihar Arrasaten, 13:00etan, Garaia Parke Teknologikoan.
Helburua da Debagoieneko ekonomia eta enpresa-sarean dauden emakumeen presentzia ikusaraztea. Mahai-ingurua egingo dute emakume berritzaileen eta ekintzaileen bizipenak eta esperientziak partekatzeko. Parte hartuko duten emakumeak izango dira:
- Ainara Abasolo Mujika, Irrika Gluten Free-ren sortzailea. Zeliakoendako gastronomia proiektuaren sortzailea da; sukaldaritza eta gozogintza munduan arrakasta izan duen ekintzaile gaztea.
- Arantza Lejarraga Marco, Arizmendi ikastolako umezaintza guneko zuzendari ohia –1989-2002–. Emakumeak lan munduan sartu zirenean, familiak kontziliatzeko zituen arazoei erantzuteko sortu zuten umezaintza 1970ean. Proiektu aitzindaria eta arrakastatsua, inguruko gizartea eraldatu zuen.
- Sonia Ortubai Balanzategi, Abantail kooperatibaren zuzendari nagusia. Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikako (STEAM) hezkuntza eta prestakuntza emakumeen artean sustatuz, ahalduntzeko eta gizartearen erronkei modu berdintsuan erantzuteko aukerak izango ditugu.
Ekitaldian parte hartuko dute Maria Ubarretxena Cid, Arrasateko alkateak; eta, Mari Jose Etxegoien Arzuaga, Emakundeko ordezkariak.