Zaintza lana partekatua izan behar dela aldarrikatuko dute pentsiodunek

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 6a, 16:40

Pentsiodunak gaur eguerdian, herriko plazan.

Arrasateko pentsiodunek bat egin dute Martxoaren 8ko aldarrikapenekin. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren leloa Denon bizitzak erdigunean hartu dute ardatz zaintza agerian uzteko: "Pertsona guztiok zainduak izateko eskubidea dugula aldarrikatzeko, eta are gehiago gure zahartzaroan. Eta zainketa-lanak partekatua izan behar duela".

Soldaten eta pentsioen arrakalaren, diskriminazioaren eta genero-indarkerien aurkako borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute gaur, astelehena, Arrasateko plazan elkartutako pentsiodunek.

Baina aurten, zaintzan jarri dute arreta Denon bizitzak erdigunean leloa aintzat hartuta: "Gizonen eta emakumeen zaintza partekatuko sistema bat aldarrikatzen dugu, hala behar denean eta nahi denean. Eta pertsona guztientzako zaintza-sistema publiko unibertsal eta kalitatezkoa". Gaineratu dute zaintza lan gisa aitortu behar dela, "horrek dakartzan eskubide guztiekin".

"Lan isil eta ikusezina" egiten jarraitzen dutela azaldu dute. "Gaur egun pentsiodunak garen emakumeen belaunaldiek gure denboraren zati handi bat bizitza mantentzen ematen jarraitzen dugu, gure familia-ingurunean seme-alabak, bilobak edo beste senide batzuk zaintzen", eta gaineratu: "Gure zaintza-beharrak aldatzen ari diren eta gero eta arreta handiagoa behar dugun adin batean gaude. Eta zaindu dugun modu berean, zainduak izan nahi dugu, eta nola izan behar duen erabaki nahi dugu".

Horregatik guztiagatik Martxoaren 8ko ekitaldietan parte hartuko dutela adierazi dute: "Geure aldarrikapenekin eta lepoko zapiarekin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak