Udal talde sozialistak bihar, martxoak 7, ETAk duela 15 urte hil zuen Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzi ohia gogoratuko du. Osoko bilkura baino minutu batzuk lehenago, 17:50ean, hiru alderdikideek arrosa gorri bana jarriko dute udalbatza aretoko sarreran dagoen
plakaren ondoan, ETAren biktima oroitzeko.
Aritz Murua bozeramaile sozialistak esan du Isaias Carrasco "sozialisten memorian bizi" dela. PSE-EEk osoko bilkuren aretoan egingo duen ekitaldi xume horrekin ETAk hildako gainerakoen familiei elkartasuna ere adieraziko die. Muruaren esanetan, "Isaias sozialista izateagatik hil zuen ETAk. Arrasateko zinegotzia izan zen testuinguru oso zailean, bake eta demokraziarekiko irmotasunaren eta konpromisoaren eredua izanik". Gaineratu du "Arrasateren eta arrasatearren alde ahalik eta ardura handienarekin" egin zuela lan, eta, beraz, Arrasateko PSE-EEko alderdikideentzat "eredu" izango dela beti.
Isaias Carrascoren familiari, Marian alargunari eta hiru seme-alabei buruz ere hitz egin du: "Isaiasen memoria bizirik mantentzeko borroka egin dute, eta horren lekuko da Arrasateko udalbatza aretoan hildako zinegotzia gogoratzeko jarritako plaka; haren alderdikideak garen aldetik, gure eginbeharra da haren garra bizirik mantentzea, inoiz itzal ez dadin".
Azkenik, zera aipatu du: "Isaias Carrascoren historia Arrasaterekin lotuta egongo da beti, Arrasateko historia Isaias Carrascorekin lotuta egongo den bezala".