Dantza garaikideaz gozatzeko aukera aparta zapatuan

Hasier Larrea 2023ko mar. 3a, 12:59

Argazkia: Txikota.

Dantzaz konpainiak Quo ikuskizuna aurkeztuko du Amaia antzokian bihar, zapatua, 19:30ean hasita. Punta-puntako hiru koreograforen pieza bana taularatuko du dantzari gaztez osatutako taldeak. Emanaldia "patxadaz" jarraitzeko modukoa da.

Egoitza Errenterian duen konpainia da Dantzaz, ikasketa garaikideak egin dituzten dantzari gazteekin lan egitea lehenesten duena. Fernando Saenz de Ugarte zuzendariari garrantzitsua iruditzen zaio baldintza hori betetzea, hemen dagoen talentuari eta freskotasunari balioa emate aldera. Honelaxe adierazi du Arrasate Irratian: "Gipuzkoan dantza non-nahi aurki dezakegu, ez da nolanahiko zaletasuna; kalkulatzen dugu 15.000 dantzazale inguru daudela, euskal dantza taldeek, mota guztietako praktikek eta akademiek hauspotuta".

Estreinatzen dituzten sorkuntzak sarri eroaten dituzte Amaia udal antzokira, publiko orokorrari eta baita ikastetxeetako neska-mutilei erakusteko. "Poz-pozik" etorriko dira oraingoan ere. Gaur egun, gainera, dantza egin eta ikustea "gero eta beharrezkoagoa" dela aipatu du Saenz de Ugarte zuzendariak: "Pandemia osteko aroa bizi dugunez gero".

FAMILIAN EDOTA LAGUNARTEAN "LASAITASUNEZ" JOATERA GONBIDATU DU ZUZENDARIAK

Hiru gai, hiru ikuspuntu

Quo ikuskizuna Hilde Hoch, Gil Harush eta Wubkje Kuindersma koreografoen piezekin osatutako mosaikoa da. Autoreak euren izenek diotena baino lotuago daude Euskal Herrira: "Hoch donostiarra da, hango dantza eskolan eman zituen lehen pausoak, eta gero Alemanian aritu zen urte asko lanean, konpainia nazionalean eta abar; Harushek jatorri israeldarra du eta Donostian bizi da, euskara ikasten dihardu".

Lehenengoak ondutako lana Quorum deitzen da: "Gure ondarea kontuan hartzen duen pieza hunkigarria da, etorkizunari buruzkoa eta ura, sua, airea eta lurra modu abstraktuan proiektatzen dituena". Bigarrena, berriz, beti telefonoari begira egotearen ondoriozko FOMO gaixotasunean dago oinarrituta, eta house erritmoak nagusi diren festa bat du eszenatoki: "Hausnarketa honetatik abiatzen da: nola da posible festa batean egon eta aldi berean ez egotea?".

Berritasun ukitua Kuindersma holandarraren Youth-ek emango dio, aste honetan batu baita Quo-ren programara. Gaztetasuna du ardatz, "baina agure batzuen begiradatik".

Hamar dantzari izango dira oholtza gainean mugituko direnak, bertakoak eta nazioartekoak, italiarrak kasu. Ikus-entzuleei zinemara joango balira bezala hartzeko gonbidapena luzatu die zuzendariak: "Dantza garaikidea lasai hartzea lortu behar dugu, beldurrak eta galderak atzean utzita; zentzumenak piztu eta ea zer gertatzen den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak