Bi hilabete eskas geratu arren, San Andresko jai batzordeak ia osatu du hiru egunetarako ekitaldi-sorta. Apirileko azken ostiralean hasiko dira jaiak, ohi bezala, eta gaueko kontzertuetan Hankaz Gora arrasatear punk-rock talde gaztea, Alarma Morea euskal rumba eta flamenco taldea eta Gasteizko Jimmy Jazz Aretoan aritzen diren Rosa Mari izeneko musika jartzaileak izango dira Gudari plazako oholtzara igo direnak.
Hurrengo eguneko auzo bazkarirako tiketak eskuragai daude tabernetan. 25 euroko prezioan patea, urdaiazpikoa, paella, haragi bolak saltsan, edaria, kafea eta sorbetea sartzen dira –haurrentzako menua 12 eurokoa da–.
Domekarako, oraingoz, El furgonologo moduan aurkezten den Julen Axperen bakarrizketak daude programatuta arratsalderako, baina jai batzordetik adierazi dutenez, "sorpresa galanta" prestatzen ari dira jaiak borobiltzeko.
Poltsak, kamisetak eta jertseak
Jaiak antolatzeko diru-iturri garrantzitsua dira auzoko komertzioetan salgai jartzen dituzten poltsak, kamisetak eta jertseak. "Erritmo onean" dabiltza saltzen, jertseak eta haurrentzako kamisetak "ia" ez baitira gelditzen. Equsen, Nuevon, Tantakan, Koloren eta Express kafetegian eros daitezke.