Otsailaren 27an, astelehena, Sahara izeneko 26 argazkiz osatutako erakusketa irekiko dute Arrasateko Ezker Kultur Gunean (Aldai kalea, 9 behea) eta astelehenetik ostegunera egongo da zabalik, 18:30etik 20:00etara.
1976ko otsailaren 27an aldarrikatu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, Bir Lehlu udalerrian, Espainiak Mendebaldeko
Sahara "lotsagarriki" Marokoren eta Mauritaniaren esku utzi eta biharamunean. "Harrezkero, Marokok okupatuta dauka lurraldea", azaldu dute Ezker Anitzatik.
Era berean, "atxikimendu sakona" helarazi dio saharar herriari, "2020ko azaroaren 13an Marokoko armadak Guerguerat pasabidean su-etenari egindako urraketaren ondorioz gatazka gogortu egin baita".
Ildo horretan, Ezker Anitzak nabarmendu du saharar herriaren izaera baketsua dela eta duela 32 urte baino gehiagotik bide baketsuen aldeko apustua egiten ari dela, "autodeterminazioari buruzko erreferendum batean bere etorkizuna askatasunez erabaki ahal izateko".
Era berean, ezkerreko alderdiak berretsi du saharar herriari ezarritako "gerra bat" dela, "nazioarteko komunitatearen pasibotasunaren eta Espainiako Estatuaren arduragabekeriaren" ondorioz, "Marokoko gobernuarekin bat egiten baitu argi eta garbi".
Manifestazioetarako deia
Horregatik guztiagatik, Ezker Anitza-IUk Debagoieneko herritarrak gonbidatu ditu astelehenean, hilak 27, hiru euskal lurraldeetan egingo diren manifestazio eta elkarretaratzeekin bat egitera, Saharako Errepublika Arabiarraren aldarrikapenaren 47. urteurrenarekin bat eginez. "Aljeriako Tinduf hiritik gertu dauden errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren 200.000 saharar baino gehiagorekiko elkartasun keinu gisa egiteko, osasun- eta elikadura-gabezia larriekin, eta Marokok bere eskubideen urraketa sistematikoa jasanez, autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu eta manifestatzeagatik".