Ekitaldia bailarako Aritz Zubia eskoriatzarra eta Mikel Etxezarreta arrasatearraren arteko partiduarekin hasi da. Norgehiagoka berdindua jokatu dute eta partiduan zehar Etxezarretak abantaila izan arren, Zubiak ez du amore eman. Azkenerako Zubia 16-15 nagusitu da. Giro paregabe bizi izan da frontoian, neska-mutikoen kantu eta animoekin. Ondoren Jai Alaiko kirolariak izan dira protagonistak, Julen Del Rio eta Adrian Fernandezek partidu paregabea eskaini die ikasleei. Aurrekoan bezala, partidu berdindua jokatu dute, ez batak ez besteak, ez du abantailarik lortu, eta amaiera estua izan da; azkenean, 16-18 nagusitu da Del Rio.
Amaiera borobila asteari
Arizmendiko ikasleak deskonektatzeko eta ondo pasatzeko astea izan dute. "Astean zehar kirol hauen inguruan ikasi eta disfrutatu dugu. Eskulanak ere egin ditugu, zesta puntako saskiak egin dituzte detergente poteekin, baita pilotak artilearekin. Amaitzeko gaur gozatzeko eguna da, umeak frontoi giroaz disfrutatuko dute eta partidu politak ikusiko dituzte", azaldu du Mikel Mendizabal Arizmendiko irakasleak.