Zaragozan dago pista estaliko azken geltokia

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 24a, 18:00

Espainiako Txapelketan urrea jantzi eta atsedenik hartu barik, eguaztenean Maialen Axpe World Indoor Tour-ean lehiatu zen, Madrilen. Nazioarteko hitzorduan laugarren izan zen (4,30), baina Zaragozan du bihar, zapatua, neguko azken hitzordua.

Aste barruan nazioarteko atleta onentsuenak izan ditu ondoan Maialen Axpek. Domekan urrezko domina irabazi zuen pista berberean, Gallurren, jokatu zuten eguaztenean World Indoor Tour-a, eta Bedoñakoa laugarren izan zen Kanadako Alysha Newman (4,65), Txinako Huiqin Xu (4,55) eta Italiako Elisa Morinaloro (4,45) atleten atzetik: "Pena apur batekin amaitu nuen eguaztenean, egia esango dut, Espainiako Txapelketan baino sentsazio askoz hobeak izan nituelako. Domekan ez nintzen ondo sentitu, nekatu samar ibili nintzen. Egia da urrea irabazi nuela, baina ez nituen sentsazio onenak izan. Hala ere, ondorengo bi egun haietan atseden hartu eta eguaztenean oso gorputzaldi ona izan nuen. Horregatik, pena ematen dit 4,30eko marka egin izanak".

Bedoñakoak aitortu du eguazteneko nazioarteko hitzorduan sekulako giroa zegoela: "Pistara salto egin aurretik ja beste giro bat zegoen, jende asko harmailetan... Nahi barik ere, motibatu egiten zara halakoetan. Oso maila oneko atletak izan nituen ondoan, baina egia da txapelketa oso azkar joan zela; hau da, salto batetik bestera langa asko igo behar genuen eta, konturatu orduko, nire marka onenen bueltan ibili behar nuen". Bada, Arrasatekoak 4,30ekoa gaindituta 4,45erakoarekin egin zuen saiakera, eta balio gabeko hiru salto eginda amaitu zuen txapelketa. Pentsa, irabazlea, Kanadako Alysha Newman, 4,84ko marka egiten saiatu zen.

Zaragozara bihar

Malen Ruiz de Azuak Espainiako Txapelketan zilarra irabazi eta gero amaitutzat eman du pista estaliko denboraldia, baina Axpek bihar, Zaragozan, azken saiakera egingo du: "Zaragoza Saria egongo da jokoan, eta horren ondo ikusten dut neure burua marka egiteko, azken saiakera egin nahi dut. Gorputzaldi on hau aprobetxatu nahi dut atseden hartu aurretik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak