Nekane Bernal Julianen kartela izango da aurtengo Martxoaren 8ko kartelaren eta eskuorriaren irudia. Azken horrek Emakume Txokoak antolatutako ekimenez gain, herriko mugimendu feministak deitutako ekitaldiak ere jasoko ditu, elkarlanean osatutako programa izango baita.
Kartelaren egileak "sorpresaz eta pozez" hartu du epaimahaiaren erabakia. "Artea ogibide ez badut ere, betidanik egon naiz lotuta sormenari: musika eta artea txikitatik oso presente daude nire bizitzan", azaldu du.
Kartelari berari dagokionez, adierazi du teknikoki trazuz-trazu marraztutako irudiak jende multzoa elkar hartuta irudikatzen duela: "Hasiera batetik, eskuak elkar hartuta edo jendea elkarri helduta irudikatu nituen aurtengo leloa irakurtzean. Pertsonen arteko besarkada eta sarea lotu nahi izan ditut etxeetatik ateratzen den argiak eskaintzen duen babesarekin". Gaineratu du, halaber, pertsonak elkar hartuta leloari begira egoteak "denon borrokaren beharra" ere adierazi gura duela.
Atzean Udalatx mendia ere irudikatu du, babesaren ideia, partekatzen den bidearena eta bide hori elkarrekin egitearen garrantzia azpimarratuz.
Emakumeek parte hartzearen garrantzia
Oñatiarrak balioa eman dio emakumeak horrelako lehiaketetan parte hartzeari. "Askotan nik neuk ere beldurra edo zalantzak izan ditut horrelakoetan parte hartzeko, baina emakumeak animatu gura ditut aurreiritziei eta beldurrei aurre egiteko eta sormenaren bideari ekiteko. Emakumeok kemen handia dugu feminismoak ematen digun indarrez, emakumeak elkar hartu, parte hartu eta aurrera egiteko", nabarmendu du.
Erakusketa, martxoaren 6tik 17ra
Arrasateko Mugimendu feministako hainbat kide ere batu dituen epaimahaiak zera azpimarratu du: kartelaren kalitatea, aurtengo leloaren mezua zabaltzeko egokitasuna eta herrian kokatzeko egiten dituen keinuak.
Halaber, Emakume Txokoak eskerrak eman dizkiete lehiaketan parte hartu duten guztiei eta aukeraketan lagundu dutenei.
Azkenik, ohi moduan, lehiaketan parte hartu duten kartelak erakusgai jarriko dituzte, martxoaren 6tik 17ra, Emakume Txokoan, astelehenetik eguenera 15:00etatik 18:00etara eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara.