Martxoaren 2an abiatuko dute Grupo San Juan berrurbanizatzeko prozesua

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 22a, 14:26

Grupo San Juango hainbat etxebizitza.

Arrasateko Udalak partaidetza-prozesu bat hasiko du hurrengo astean, Grupo San Juango hiru plazetako bizilagunekin, eremua eraberritzeko proiektua elkarrekin egiteko. "Horrela, bizilagunekin hartutako konpromisoa beteko dugu", dio Udal Gobernuak. Helburua da 2023ko bigarren seihilekoan abian jartzea proiektuaren idazketa.

Martxoaren 2an, eguena, egingo dute lehenengo bilera, 18:00etan, Kulturolan, hiru plazetan bizi diren herritarrekin. Martxoko hurrengo asteetan, plaza bakoitzeko bizilagunekin egingo dituzte saioak eta prozesuaren bilakaeraren arabera, beste saio batzuen beharra aztertuko dute. Prozesua Emun aholkularitza-enpresarekin lankidetzan garatuko dute.

Udal Gobernuak azaldu duenez, helburua da Grupo San Juan osatzen duten hiru plazen berrurbanizazioak oinarrian izan beharko dituen irizpideak erabakitzea. "Horien gainean gauzatuko dugu hiru plazen berrurbanizaziorako proiektua".

Hainbat berbagai izango dituzte bileretan: plazen izaera, horien arteko harreman fisikoa, espazioen kalitatea, gabeziak eta eremuko espazio publikoen etorkizuna, besteak beste. "Horien inguruan hausnartu, eztabaidatu eta, ahal den heinean, adosteko foro gisa planteatu ditugu parte-hartze saio horiek".

Proposamenak, eredu gisa

Udal Gobernuak hainbat proposamen sortu ditu, "erreferentzia gisa" erabiltzeko, baina "inola ere" ez dira itxiak izango. "Hala, plaza bakoitzak bere aldetik landu ahal izango ditu bere gerorako desirak, baina ahaztu gabe badirela hiru plazak lotzen dituzten gaiak ere. Gainera, etxe-taldea herriguneko hiri-bilbearen bihotzean dagoenez, gainerako herriarekin izango duen harreman urbanoa ere kontutan izan beharko da prozesuan", nabarmendu dute Udal Gobernutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak