"Hau da betidanik egin dugun musika eta aurrerantzean ere egingo duguna". Aggressive Combateko kideen esanak dira, baina ez oraingoak. Duela hamarkada bat GOIENArako egindako elkarrizketan Marak, Jurgik eta Nevadok nabarmendutakoak dira. Baina denbora ez da alferrik pasatzen, ezta oi! klasikoaren bandera gogor astintzeko asmoz sortu zuten taldeko kideendako ere. Eta orain, laugarren diskoa kaleratu berri, taldeko kide Marak aitortu du baietz, lan berriarekin jarraitzaileek aldaketa suma dezaketela: "Taldean aldaketak izan berri ditugu: Iñaki Virus-ek taldea utzi du eta haren ordez bi gitarra-jole sartu dira, Ortega eta Arri. Baina diskoa Iñakirekin grabatu dugu eta esango nuke ukitu rockerragoa duela lanak, igartzen dela Iñakiren eskua. Dena dela, jendeak ez dezala gauza arrarorik espero; badakigu zer den egin nahi duguna eta horixe egin dugu".
2024an 20 urte beteko dituzte
Atzera begiratuz gero, 2004an Musakolako deposituetan sortu zuten talde hark laster bi hamarkada beteko ditu: "Komentatu izan dugu taldekideon artean datorren urtean zerbait berezia egin beharko dugula, baina oraindik ez dugu zehaztu zer: lan berriren bat... Ez pentsa ez duenik meriturik bi hamarkadatan elkarri aguantatu izana, eta hor gaude oraindik", dio Marak, barrez. "Urte hauetan guztietan, noski, Aggressive Combatek ez du intentsitate berarekin jardun: "Esango nuke pandemia ostean indar eta gogo handiagoz bueltatu garela. Pandemiak ez gintuen geldiarazi, gu lehenagotik geunden geldi [Barreak], azken batean, taldeko kideon lan kontuek eta bestelakoek eragina izaten dutelako, baina bai, taula gainera igotzeko gogoz bueltatu gara".
Lana Interneten dago salgai
Disko berria Tae Records-ekin grabatu dute eta "indarrez betetako" bost abestirekin osatu dute bilduma: "Izenik ere ez diogu jarri diskoari; gaur egun musika Interneten kontsumitzen denez ez dakit zentzu handirik ote daukan disko bati izena jartzeak, baina tira, lehenengo abestiaren izenburua ere izan zezakeen… Baina, izenburua pentsatzen ez hastearren, ondo dago horrela; ez gara askorik konplikatu". Bada, www.taerecords.com helbidean eros daiteke Aggressive Combaten lana.
Emanaldiak egiten dabiltza
Disko berria argitaratzearekin batera, Arrasateko taldea hasi da taula gainera igotzen. Joan den asteburuan, esaterako, Oñatin izan ziren beste talde askorekin batera Mikel Perearen omenezko kontzertuan. Aggressive Combatekoekin batera Dirty Brothers, Enboskada, Never Surrender, Neallta Fola, GBH, Arkada Social eta Bladders taldeak igo ziren taula gainera, emanaldi gogoangarrian: "Aspaldiko lagunekin elkartu ginen eta gau ederra izan zen. Gainera, bertan batutako dirua Aspanogira bideratu zen, minbiziaren kontra egiteko".
Bada, disko berriaren bueltako bigarren kontzertua izan zen hura eta hurrengoak ere lotuta dituzte dagoeneko. Maiatzaren 20an Zaldibarren joko dute eta hurrengo bi emanaldiak kanpoan egingo dituzte: "Horixe da gehien gustatzen zaiguna. Sid orain momentuan Parisen bizi da eta hilean behin saiatzen da etortzen. Bada, etortzen den egun horietarako kontzertu bat lotzen saiatzen gara, baina ekainaren 20an gu joango gara Parisera". Uda hasteko modua izango da hori, eta non amaitu ere lotuta dute, irailaren 23rako Portugalera joango dira eta.