Mondragon Unibertsitateak denboraldiaurrean izan zituen aldaketekin gutxik aurreikusiko zuten orain momentuan talde arrasatearra horren aurrean egongo zenik. Izan ere, domekako Ardoiren kontrako garaipenak (95-80) moreen bolada ona berretsi du. Julen Berrocal entrenatzaileak domekako partidu ostean GOIENAri aitortu zion denboraldi hasieran ez zuela uste orain horren ondo egongo zirenik: "Entrenatzaile berria, jokalari berriak, lan egiteko modu berria, bestelako planifikazio bat eta izan genituen azken ordukoak... Horrekin batera, baja garrantzitsuak ere izan ditugu denboraldian zehar; horrenbestez, nik ere ez nuen usteko bigarren egongo ginenik".
Baina egindakoaz konformatu barik, liga amaierara arte izango dituzten helburuen gainean ere egin du berba entrenatzaile durangarrak: "Helburu nagusiak izan behar du egunerokoan zentratzea eta ondo entrenatzen saiatzea, horrek emango digulako aukera denboraldi amaierara ahalik eta ondoen iristeko". Izan ere, dena ondo bidean, liga amaiera ez da edonolakoa izango Berrocalen mutilendako, arrasatearrek beste igoera fase bat jokatzeko aukera izan dezakete eta: "LBC Cocinas.com ezin dugu harrapatu; errioxarrek partidu guztiak irabazi dituzte eta ez da posible eurak harrapatzea, sekulako taldetzarra dute. Baina Getxo, Gipuzkoa Basket Easo, Fundacion Bilbao Basket... Cantbasket ere ez nuke baztertuko... Talde horiek borrokatuko gara igoera faseko txartela ematen duen bigarren postuagatik".
Liderraren kantxara zapatuan
Mondragon Unibertsitatekoak sasoi betean daudela iritsiko dira ligako talde gogorrenaren kontrako lehiara: LBC Cocinas. com –zapatua, 20:00, Logroño–. Errioxakoek oso fitxaketa onak egin dituzte, Zilarrezko LEB Mailara igotzeko apustu garbia egin dute eta, oraingoz, bide zuzenetik doaz; ligako partidu guztiak irabazi dituzte (17): "Oso partidu zaila izango da, baina Iturripen jokatu genuenean indarrak parean izan genituen; azken bi minutuetan irabazi zuten partidua, eta, hain zuzen, Martin Buesaren hutsunea izan genuen guk. Bada, lehiakorrak Atxa, jaurtiketa egiten. I.S. izan nahi dugu Logroñon".