Irene Dolara: "Garaipen honek taldeari konfiantza emango dio"

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 10a, 17:00

Irene Dolara, domekako partiduaren ostean.

Etxekoek ligako lehenengo garaipena eskuratu zuten domekan Gaztediren kontra (20-10); geratzen diren hiru partiduetarako bultzada emango diela uste du kapitainak.

Zortzi jardunalditan partidurik irabazi ezinka ibili eta gero, joan den domekan iritsi zen esperotako garaipena. Vithas Gaztediren kontra Gamarran jokatutako joaneko partiduan 30-10 galdu zuten, eta oraingoan, Arrasate-Eibar taldekoek errebantxa hartu dute. Taldeko kapitainetako batekin izan da GOIENA, Irene Dolararekin (Arrasate, 1997).

Iritsi da ligako lehen garaipena.

Bazen garaia! Kar-kar.

Hain justu, etxean jokatuko duzuen azken partidua irabazi duzue.

Pena apur batekin geratu nintzen, hain zuzen, partidua domekan jokatu genuelako eta ezin izan genuelako nahi moduan ospatu. Zapatuan izan balitz... Kar-kar. Egia da hirugarren denbora polita egin genuela, baina, lan kontuak tarteko, domeka zelako... ez zen gauza bera izan.

Klubak deialdi berezia egin zuen partidura begira...

Harmailetan oso giro polita egon zen, bai. Eta harmailetako animo-oihu horiek iristen dira zelairaino, bultzada ematen dute. Gainera, harmailetako asko klubeko kideak izaten dira, beteranoak, senior mailako gizonezkoak... Batzuetan, aholkuak ere ematen dituzte eta lagungarriak izaten dira. Jatekoak ere jarri zituzten harmailetan; giro ona egon zen.

Zer aldatu da aurreko partiduetatik domekako garaipenera?

Lehenengo garaipena orain iritsi da, baina lehenago ere egin ditugu partidu onak. Gogoan dut, esaterako, Gaztedikoen kontra Gamarran partidu ona egin genuela. Hor ikusi genuen liga honetan lehiatzeko gaitasuna badugula, klik moduko bat egin genuen. Egia da ondoren partidu txarrak ere izan ditugula, moralki behean egon garela.

Domekako partiduaren une batean, jokalariak mele baterako prestatzen.

Garaipenak bultzada emango dizue?

Esango nuke baietz, taldeari honek konfiantza emango dio.

Hernaniren zelaian duzue hitzordua asteburuan; atzeko postuetan dagoen kontrario zuzenetako bat da.

Talde gogorra da, nekarazi egiten zaituen horietakoa. Sailkapenean atzealdean daude, baina...

Liga amaiera gogorra izango duzue.

Bai. Begira, Bilboko Unibertsitatearen kontra ere partidu ona egin genuela esango nuke, baina talde ona da, bai, eta Bera Beraren kontra ere jokatu behar dugu oraindik. Horiek bai, horiek beste maila bateko taldea direla erakutsi zuten joaneko partiduan [0-71 galdu zuten]. Taldekide gazteak zituzten, baina baita esperientzia handia zuten beteranoak ere.

Aurten Eibarko jokalariekin osatu duzue taldea; zer moduz?

Oso ondo. Aste barruan eguaztenetan elkarrekin entrenatzen gara eta ostegunetan ahalegintzen gara Unbera entrenatzera joaten. Egun horretan Ohorezko Mailako taldearekin batera entrenatzen gara eta egun horietan asko ikasten dugu. Esango nuke oso positiboa dela aurten Eibarrekin lortu dugun hitzarmena.

Taldean zenbat zarete?

Eibarkoekin batera 23 jokalari inguru izango gara eta Arrasateko taldekoak, erdia. Eta klubean gaude arrasatearrak, baina baita aretxabaletarrak, bergararrak, oñatiarrak...

Zuk zeuk ez daramatzazu horrenbeste urte...

Ez, pandemian hasi nintzen errugbian jokatzen. Bestela ere ezin zitekeen gauza handirik egin, eta kirola egiteko eta jende artean egoteko gogoa nuelako eman nuen izena. Klubetik deialdia egin zuten, emakumezkoen taldea sortu gura zutela, eta anaiari esan nion nik ere parte hartu nahi nuela; halaxe hasi nintzen. Anaiak [Jokin Dolara] urteak daramatza gizonezkoen senior taldean, baina, egia esaten badizut, lehen ez neukan zaletasun handirik. Eta orain, begira...

Horrenbestez, egonkortzen dabilen proiektua da zuena.

Uste dut baietz. Egia da ikasketak edo lan kontuak tarteko jokalari bakoitzak ahal duena egiten duela, baina hor jarraitzen dugu. Eta taldeko ateak zabal-zabalik ditugu. Pentsa, ni 23 urterekin hasi banaiz errugbian... Astelehen (19:30) eta asteazkenetan (18:30) Mojategin izaten gara; horrenbestez, errugbian hasi nahi duenak Mojategira joan baino ez du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak