Goienerrek Debagoieneko bulegoa irekiko du Arrasaten, hilaren 22an

Hasier Larrea 2023ko ots. 7a, 11:39
Arrasateko bulegoko langileak.

Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibako kideek adierazi dute "pauso garrantzitsua" dela bulego berriaren irekiera. Gainera, egitarau berezia antolatu dute bihartik hasita, 10 urte bete baititu proiektuak.

Azken lanak amaituta, otsailaren 22an ateak zabaltzeko prest egongo da Goienerren Debagoieneko bulegoa. Arrasateko Zerkaosteta kaleko 15. zenbakian dago kokatuta, Kontzezino kalearekin ixkin eginez. Inaugurazio-ekitaldia 18:00etan egingo dute.  Goienerreko lankideek bertaratzeko gonbidapena luzatu diete "eskualdeko bazkideei eta berriztagarrietan zein kooperatibagintzan interesa duten herritarrei guztiei". Irekiera-festan, Goienerren bulegoko langileak ezagutzeko aukeraz gain, gertuko baserrietako jaki eta edariez gozatzeko aukera ere egongo da.

Zerkaosteta kaleko 15. zenbakia.

Bulegoan jardungo duten langileek adierazi dutenez, helburu nagusia "Debagoieneko bazkide eta herritarrei erreferentziazko arreta zerbitzua gerturatzea" izango da: "Gainontzeko bulegoetan egiten dugun moduan, gardentasun eta gertutasunean oinarritutako arreta eskaini nahi dugu, fakturen optimizazioa, kontsumo arduratsua, pobrezia energetikoaren aholkularitza eta bestelako zalantzak argitzeko".

Espazioa lantaldearen elkargune izango da, baina, bestela ere, helburu hirukoitza beteko du: "Debagoieneko boluntarioen sarea indartzea, trantsizio energetiko justua bideratzea eta pobrezia energetikoan oinarritutako ekintzak bultzatzea".

Hitzaldi sorta 

Arrasateko bulegoa ireki aurretik, Goienerrek aste berezia antolatu du, energia eta merkatu elektrikoan oinarritutako formakuntza eta hitzaldiz betea. Besteak beste, energia berriztagarrien komunitateei, pobrezia energetikoari eta fakturan dirua aurrezteko moduei buruzko solasaldiak izango dira, eskualdeko zenbait eragile eta mugimendu sozialekin elkarlanean. 

Goienerreko langileek uste dute "antolatutako hitzaldietara gerturatzea elkar ezagutzeko aukera aproposa dela", eta horiei esker, "gerturatzen direnek Goienerren izaeraz gain, eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzeko aukera" izango dutela.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak