Juan Luis Merino Gipuzkoako Antolakuntza Idazkariak eman zion hasiera topaketari, eta azaldu duenez, bozei begira jarri eta udaletarako zein foru aldundirako aurkeztuko duten programa izan zuten eztabaidagai. "Jendearekin konektatu nahi dugu, jendeak ulertu dezala lehentasun direla gobernuan izanda, hori baita nahi duguna, edota oposizioan egonda". Nabarmendu baitu "parte hartze kolektiboa" dela euren ereduaren oinarrietako bat.
Bada, parte hartzaileen kezketatik abiatuta, azaldu du argi gelditu zela zein den "langileen gehiengo sozialari benetan axola" zaiona: "Justizia soziala, berdintasuna, ekologia, udal fiskalitatea, osasuna, migrazioa eta gazteria, kultura eta euskara izan dira topaketaren ardatzak".
Zerrendak udalerri gehienetan
Hala, Ezker Anitza-IUk erabaki du bailarako "ahalik eta udalerri gehienetan" aurkeztea ordezkariak. "Oraingoz, Arrasaten hautagaitza izango dugula berresten dugu eta hauteskundeak egin artean lanean jarraituko dugu gure udaletan beharrezkoa den indarra aurkezteko". Helburu baitute, besteak beste, arlo publikoa "azpimarratzea eta aldarrikatzea" eta gizarte politika guztiak indartzea.