'El conquis' saioko kameren atzean egon da Oxel Arrieta

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ots. 3a, 09:00
Oxel Arrieta, El conquistador del Caribe saioko probetan lanean. (Argazkia: O.A.).

Oxel Arrieta arrasatearra ETB2ko 'El conquistador del Caribe' saioko lantaldearen parte izan da, soken probak prestatu baititu Dominikar Errepublikan; esperientzia errepikatzeko modukoa izan dela dio, baina ez litzatekeela lehiakide bezala joango.

El conquistador del Caribe saioan lau lehiakide debagoiendarrek parte hartu dute, eta beste batek ere bai, kapitain, baina bada kamera atzean lanean ibili den arrasatear bat. Oxel Arrieta da hura, mendi gidaria, eta soken probak prestatzen jardun du. 43 egun egon da Dominikar Errepublikan. Soken lantaldean baja bat egon zen eta eskaintza jaso zuenean baiezkoa "oso erraz" eman zuen; lankide batzuk ezagutzen zituen aurrez eta horrek ziurtasuna eman ziola gaineratu du. Esperientzia "oso ona" izan dela dio, eta errepikatzeaz galdetuta: "Bai; zergatik ez? Esperientzia berria izan da; ia bi hilabete dira kanpoan".

Probak, bertatik bertara

150 lagun inguruko lantaldea du saioak; batzuk hemendik joanak eta beste batzuk bertakoak dira. Soka proben lantaldean hiru pertsona egon dira eta harreman ona egin dutela aitortu du arrasatearrak. Grabaketak hasi baino hilabete lehenago joan ziren, lokalizazioak ikusi eta probak non muntatu zitzaketen zehazteko. Behin lokalizazioa aukeratuta, proba muntatu, "ondo geratzen zela ikusi" eta desmuntatu egin behar izaten zuten, eta grabaketa egunean berriz jarri.

Lehiakideak lehiatzen gertutik ikusi ditu hark prestatutako probetan: "Gure taldeak prestatutako probetan segurtasun-lana egin behar genuen, edozer gauza gertatzen bazen ere...". Hala ere, orain etxetik jarraitzen ari da saioa eta probak telebistatik "hobeto" ikusten direla adierazi du: "Bertan muntaia ikusten duzu, baina telebistak beste zerbait ematen dio; musikaren tentsioa eta lehiakideen aurpegiak gertutik ikusten dituzu".

Saio gogorra

Klima eta paraje horietara ohitu gabe badago ere, paisaiek txundituta utzi dute arrasatearra; klimatologiak, berriz, alde onak eta txarrak dituela azaldu du; izan ere, Karibea epela da, baina, aldi berean, hezetasun handia dago.

El conquis hitz batek deskribatzen badu, hori gogortasuna da, eta Arrietak hori berretsi du: "Kanpalekuak nola muntatu dituzten ikusi dut, eguneroko probak, ez dute jaten, jejenak... Oso gogorra da eta lehiakideek gauza bera esango dizute".

Hark ere izan du gorabeheraren bat edo beste eltxoen ziztadekin: "Hankan ziztada pila nituen eta uste dut egun batzuk geroago pozoia behera jaitsi zitzaidala, inertziagatik edo, eta oina handitu egin zitzaidan". Dioenez, oinak bota bat zirudien.

Hortaz, lehiakide moduan joango litzatekeen galdetuta, ezetz dio arrasatearrak: "Ez daukat esperientzia hori pasatzeko beharrik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak