Etxekaltek abiatuko du otsaileko Kooltur egitaraua

Hasier Larrea 2023ko otsailaren 1a

Ostegun honetan, otsailak 2, Bermeoko talde gaztea izango da Arrasateko gaztetxean, 22:00etan, Kooltur Ostegunak ekimenaren baitan. Antolatzaileen hitzetan, kostaldeko herri horretako "harrobi aberatsaren balioetako bat" da Etxekalte, "lana gogor eginez, nabarmen haziz doan laukotea diskotik diskora".

Iluntasuna, sentimendua, indarra, post-rocka, metala eta emo esentzia batzen ditu Etxekaltek, eta horren "adibide dotorea" den Nor da norbera lan berria aurkezten dihardu.

Bertan argitaratutako kantekin irekiko dute Koolturreko otsaileko kartela. Datozen asteetan pasako dira gaztetxeko eszenatokitik Sofa, Kristonak eta Bones of Minerva, euskaldunak lehen biak eta Madrilgoak azkenak.

Dibertsitatea zigilu

Musikazaleak ohituta egon arren, ostegunero kontzertuak antolatzea ez da lan makala; gogotsu dagoen talde motor bat ezinbestekoa da, eta Koolturrek betetzen du baldintza hori. "Denboraldi honetan, gainera, bost kide berri batu zaizkigu lantaldera, arlo teknikoan nahiz funtzionalean aritzeko ilusioarekin", adierazi du Adrian Ugaldek, Kooltur Ekintzako kideak. Gainera, publiko fidelak babesten du egitasmoa, edozein kontzertutan asistentzia duina bermatzen duena. Baina kopuruari baino gehiago, kalitateari erreparatzen diote antolatzaileek: "Beti saiatzen gara estilo ezberdinak proposatzen, izan rapa, heavya, rocka, elektronika edo, zergatik ez, musikaz gaindiko diziplinak: bakarrizketak zein antzezlanak. Baloratzen duguna da eskaintza txukuna izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak