Zinedine Zidane Atxabalpen, semearen lan-saioak gertutik jarraitzen

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 1a, 11:31
Iker Martinez arrasatearra, eta Zinedine Zidane, gaur Atxabalpen.

Atxabalpen Eibarren entrenamendua jarraitzen ibili direnek ezustea hartu dute gaur, eurekin batera Zinedine Zidane Real Madrilgo jokalari ohi eta entrenatzailea izan da-eta. Ez da lehenengo aldia Zizou Arrasaten dagoena, Luca semea Eibarko atezaina da-eta.

Semearen lan-saioa bertatik bertara jarraitzen ibili da Zinedine Zidane. Frantziarra behin baino gehiagotan egon da Atxabalpen, Luca semea Eibarko atean egiten dabilen lana jarraitzen. Eta Luca Zidane sasoi onean dago, gainera, talde armagineko atean titular bilakatu da,  Canteroren eta Yoelen aurretik. Eta hor dago Eibarren aurtengo denboraldiko arrakastetako bat, alegia, gol gutxi jasotzen dabiltzala.

Bada, Zizou orain momentuan ez dabil entrenatzaile moduan lanean, eta semea bertatik bertara ikusteko aprobetxatzen du denbora librea. "Kosta zaigu bera zela konturatzea, furgoneta batean etorri da eta Atxabalpeko aparkalekuan bertan egin dugu topo harekin. Ez zuen atentziorik deitu nahi, baina ikusi dugunean birritan pentsatu barik argazki bat eskatzera gerturatu gara, eta irribarre batekin hartu gaitu, oso jator hartu gaitu. Gero, jertseko txapela jantzi du, oharkapean pasatzeko".

Hala, bazirudien Munduko Txapelketa amaitu eta gero Real Madrileko entrenatzaile ohia Frantziako hautatzaile bilakatu zela, Deschamps ordezkatuz, baina Baionakoak selekzioarekin berritu du kontratua. PSG taldearen gaineko zurrumurruak ere entzun ziren, baina oraingoz, semea Atxabalpeko harmailetan gertutik ikusten dabil gozatzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak