Txatxilipurdik otsailean abiatuko du ludoteka ibiltaria, Musakolan

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 30a, 10:38
Ludoteka ibiltaria, Arimazubi plazan.

Beste urte batez, herriko hainbat auzotara zabalduko du ludoteka Txatxilipurdi Elkarteak. Hala, otsailean hasiko da eta, maiatzera bitartean, zapatu goizetan egingo dute. Urtero moduan, Musakolatik hasiko dira eta Erguinera eta San Andrera joango dira gero. "Parte-hartzea librea da eta askatasunez jolas egiteko gunea eta laguntza eskainiko da", nabarmendu dute.

Ludoteka ibiltarian 3 eta 12 urte arteko haur eta aurre-nerabeek izango dute parte hartzeko aukera, baita horien arduradun edo gurasoek ere. Ekintzak parte-hartzaileekin batera adostu eta denen gustukoak antolatzen saiatuko direla aurreratu dute antolatzaileek.

Era berean, nabarmendu dute, aisialdi hezitzaile euskaldunaz gozatzeko aukera paregabea dela, "parte-hartzaileei sormena garatzeko, harremanak egiteko, parte-hartzea sustatzeko, naturarekin harremantzeko eta beste hainbat helburu hezitzaileri bide emanez".

Musakola auzoan hasiko dute ludoteka ibiltaria. Honako hau da egutegia:

  • Musakola auzoan: otsailak 4, 11, 25 eta martxoak 4.
  • San Andres auzoan: martxoak 11, 18, 25 eta apirilak 1.
  • Erguin auzoan: apirilak 22 eta 29 eta maiatzak 6 eta 13.

Musakolari dagokionez, gaztetxoko atarian elkartu eta, 11:30etik 13:30era, ludotekaz gozatzeko aukera egongo da, "bi hezitzaileren bide-laguntzaz, material eta baliabide ezberdinak parte hartzaileen eskura jarriz".

Inauteri asteburuan, otsailaren 18an, ez dute zerbitzua eskainiko, herrian beste hainbat ekintza izaten direlako, eta udaberriko oporretan ere ez da egitasmoa gauzatuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak