Meatzerrekako jaiek giro ederra sortu dute

Hasier Larrea 2023ko urt. 29a, 13:21

Herritar ugari bertaratu dira Meatzerreka auzoko jaietara ostiral, zapatu eta domekan zehar. Bertsolariak, mus txapelketa, auzo bazkaria, bigantxak, kontzertua, meza, korua, euskal dantzak... denetik egon da aukeran, eta antolatzaileak gustura agertu dira egitarauak izandako harrerarekin. 

"Desiatzen" zeuden auzoko jaiak ospatzeko, hiru urtean ezin izan dute antolatu eta. Baina aurten bai, eta "erantzun apartarekin", gainera. Halaxe azaldu du Meatzerrekako auzo alkate Inaxio Zuazubiskar. Ostiralean bertsolariek ireki zuten jaietako egitaraua, Ane Zuazubiskar arrasatearrak eta Peru eta Martin Abarrategi aramaioar anaiek. Gauean mus txapelketa egin zuten, "sekulako parte hartzearekin". 26 bikoteren artean txapela etxean geratu zen, Andoni Beitiak eta Jon Elkorok jantzi baitzuten, biak herriko gazteak. 

Zapatuan auzo bazkarira 40 bat lagun arrimatu ziren bakailaua jatera. Arratsaldean gaztetxoek Lopene ganadutegiko zaldi eta bigantxekin ederto pasa zuten elkarte alboko patioan. Euria egin arren, ez ziren kikildu animalien aurrean, eta txokolate beroa hartu zuten gero. Gauean, berriz, Kontralde taldeak kontzertua eman zuen elkarte barruan.

Eta gaur, domeka legez, meza egin dute San Balerio ermitan, Gesalibarko eta Garagartzako koruek lagunduta. Eguerdiko 12:00etan, berriz, Txikitxu-Arrostaitz dantza taldekoek txistularien doinura dantzatu dute, ordubete inguruko saioan.

Horrela esan diote agur 2023ko San Baleixo jaiei. Auzo alkatearen iritziz, auzotarrak eta ingurukoak bata bestearekin egoteko "hitzordu garrantzitsua" izan da. Etorriko dira gehiago.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak