Punk-rock melodikoa eta hitz zorrotzak Oñatin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urt. 27a, 14:40

Motz taldeko Joseba Azkarate, Perlata taldeko Ane Garai eta Biznaga taldeko baxu-jotzailea.

Oñatiko Motz, Arrasateko Perlata eta Madrilgo bBiznaga punk-rock taldeen kontzertua izango da bihar, zapatua, 22:00etan, oñatiko gaztelekuan; sarrerak eskuragarri daude Oñati.eus atarian eta txokolateixan, eta bihar, gaztelekuko leihatilan.

"Biznagaren kontzertu batera joan ginen taldeko baxu-jole Txebi eta biok eta handik irtendakoan Oñatin eurekin kontzertu bat antolatzeko ideia izan genuen; heldu da eguna eta sekulako ilusioarekin gaude", dio Motz taldeko Xabi Elortza Txirli gitarra-jolea.

Argitaratu berri duten Bremen no existe laugarren bilduma aurkeztuko dute madrildarrek Oñatin, Gasteizko Helldorado aretoan gaur gauean eta bihar eguerdian egingo dituzten emanaldien ostean. "Melodia handia duen punk-rock taldea da, landutako hitzekin osatutako kantuak dituena; proposamen freskoa", dio Elortza.

Oñatiko Motz, Arrasaterko Perlata eta Madrilgo Biznaga bihar, zapatua, Oñatiko gaztelekuan

Anfitrioi eta taularen gainean

Xabi Elortza Txirli gitarra-jolea, Jabi Bujanda Txebi baxu-jolea, Joseba Azkarate bateria-jolea, Ima Ugarte gitarra-jolea eta Xabier Pascual Pasku dira Motz taldeko kideak. "Pandemian gitarrarekin probatzen hasi nin- tzen eta auto-istripu baten ondorioz urte batzuetan bateria albo batera utzita zuen Josebarekin elkartzen hasi nintzen haren etxean. Hasierako asmoa ez zen taldea sortzea, baina beste hiru kideak batzen joan ziren, poliki-poliki, eta, harrezkero, zazpi kontzertu egin ditugu. Oso harreman ona dugu eta musika daramagu guztiok barruan. Ondo pasatzea da asmoa".

Rock melodiko doinuekin jantzitako hitz zorrotzak dira Motzen ezaugarri. "Hamabost bat eskainiko ditugu ordubete pasako emanaldian, gureak eta aurrez ibili izan garen taldeen bertsioak nahastuta".

Perlata ere "gogotsu"

"Pozarren" onartu zuten gonbidapena Arrasatekoek. "Gustuko ditugu bi taldeak eta deseatzen gaude taularen gaina partekatzeko. Perlata inoiz baino indartsuago dago, gauza berriak egiten eta egiteko gogoz. Txerra Bolinaga da orain gure bateria-jolea. Oso pozik gaude eta asko dugu elkarrekin emateko, eta hasi gara abesti berriak prestatzen ere. Dokumental bat be badugu esku artean, aurrerago kontatuko duguna". dio Perlatako kide Ane Garaik.

Sarrera gutxi geratzen dira

Zortzi eurotan daude sarrerak Txokolateixan eta Oñati.eus atarian eskuragarri eta hamar eurotan izango dira bihar gaztelekuko leihatilan. "Sekulako erantzuna jaso dugu eta oso ondo doa salmenta; gutxi geratzen dira. Aurrez iragarri moduan, leihatilarako gorde ditugu sarrera batzuk, baina ez dira asko izango", dio Txirli-k.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak