The Potes familiak harro ospatuko du urtebetetzea zapatuan

Hasier Larrea 2023ko urt. 20a, 09:30

2012ko abenduaren 25ean egin zuten lehen agerraldia; hamar urteko joan-etorrian bertsio irlandarrak egitetik kantu propioz jositako bi disko kaleratzera pasa dira. Bihar, zapatua, gaztetxean joko dute, 22:00etan, eta Erne taldea ere izango da.

Folka eta rocka dira The Potes zazpikotearen sustraiak; hasieran, folka gehiago. "Irlandako The Pogues eta Flogging Molly taldeen abestiak jotzeko ideiarekin batu ginen lehenengoz eta DAT tabernan egin genuen zuzenekoa. Harrera beroa izan genuenez, jarraitzea erabaki genuen", azaldu du Igor Salak, taldeko akordeoilariak.

Yul Bolinaga banjo-joleari oparia egiteko sortu zuten lehen kanta, Harro nago izenekoa: "Plazer handia izan da hark abesti hori gurekin batera jo izana. 2014an betiko joan zitzaigun eta haren hutsunea Beñat Abasolok bete zuen. Halaxe erabaki genuen kantu propioak egiten jarraitzea".

Gerora ere aldaketa gehiago izan dituzte taldean, eta gitarra elektrikoek pisu handiagoa hartu dute euren errepertorioan, kutsu irlandarra galdu gabe. Horren erakusle dira kaleratu dituzten bi diskoak: Ametsak dira egi erabat bete aurretik eta Damurik ez, bihotza aske. Hiru abeslari, musika-tresna asko... taldekideen arteko harreman estua gakoa dela nabarmendu du Beñat Osinaga bateria-joleak: "Beti esan izan dugu familia bat garela, halaxe bizi baitugu; bakoitzak bere betebeharrak musikaren magia sortuz ahazten ditu".

Hamar urteei errepasoa

Pandemia tarteko, ez dute abesti berrienen nahi beste aurkezpen egin ahal izan. Horretarako aprobetxatuko dute biharkoa, "baina sorburuko bertsioak eta lehen diskoko kantak ere izango dira, eta sorpresatxoren bat edo beste ere bai".

Maiatzean "erronka handia"

Aurrera begira, aipatu dute maiatzean Arrasate Musikalen Bandarekin batera interpretatuko dituztela euren abestiak, musika eskolaren 50. urtemugaren baitan: "Elkarlana egin nahi zuten herriko talde batekin, eta gugana jo zuten; eskertzekoa!".

Gaur, ostirala, Balarrasa eta Broken Legacy

Danbaka Musika Lehiaketan gau berean parte hartu zuten bi talde, aramaioarrez osatutako Balarrasa eta Oñatiko Broken Legacy, 22:30ean izango dira gaztetxean; izan ere, bi taldeetako kideak elkarren lagunak dira eta aspalditik zeukaten kontzertu bat antolatzeko gogoa. Metala eta rock gogorra dastatzeko aukera paregabea, horrenbestez.

Erlazionatuak

Hamar urte, hamaika kontzertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 urt 20 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak