Olatz Igartua da Besaide mendi elkarteko presidente berria

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 19a, 16:11
Besaide mendi elkarteko zuzendaritza talde berria, Olatz Igartua –eskuman– buru.

Atzo, eguaztena, egin zuten Besaide mendi elkartearen batzar orokorra, eta, iazko kontuak eta aurrekontu berria onartzearekin batera, Eñaut Iturberen lantaldea ordezkatuko duen zuzendaritza talde berria aurkeztu zuten. Hala, Besaidek lehenengoz izango du emakumezko bat presidente lanetan: Olatz Igartua. Beste zortzi lagun izango ditu ondoan.

Besaide mendi elkartearen batzar orokorra emankorra izan zen, urtearen balantzea eta errepasoa egin eta gero –pandemia ostean hitzorduak hasi dira normaltasunera bueltatzen– mendi elkarteko ordezkariak etorkizunera begira jarri ziren. Hala, azken lau urteotan Eñaut Iturbe buru izan duen lantaldeak egindakoak errepasatu zituzten, eta presidenteak berak aitortu zuen pandemia tarteko urte gorabeheratsuak izan direla: "2019an hasi ginen Besaideko zuzendaritza batzordean eta 2020an pandemia iritsi zen. Hori dela eta, ohikoak ziren dinamika batzuk bertan behera utzi behar izan genituen, eski irteerak zein hileroko mendi irteerak. Hau ikusirik, Besaideko bazkideen artean inkesta txiki batzuk zabaldu genituen, zein beste ekintza burutu genitzakeen jakiteko. Bertatik irten ziren proposamenen artean, espeleologia, arroila jaitsiera, via ferrata zein eskalda ikastaroak antolatzea erabaki genuen". 

Hortaz gain, aurrekontuan eski irteerek zein hileroko mendi irteerek zuten pisua beste ekintzetara bideratzeko beharra ikusi zuten. "Hortik sortu zen urteetan buruan izan dugun ideia, gure herriko mendi kuttuna, Udalatx, balioan jartzeko dokumental bat gauzatzeari ekin genion. Aurten 2023an bukatzeko asmoarekin". Hala, batzarrean aurrekontua onartzearekin batera –bazkideen kuotek berdin jarraituko dute– dokumentalaren hasiera ere erakutsi zuten. Hala, horrekin batera Arrasateko bideak –Etxezarretako, Erregebideko, edota Bedoñako PR-ak tartean– errekuperatzeko egin den lana, Etxezarretako inguruak errekuperatzeko egin den lana, herriko zenbait kobazulotan egin diren garbiketa lanak, bulegoa txukuntzeko egindako obrak edota Leixargarateko aterpetxea txukuntzeko lanak nabarmendu zituzten.

Lan-talde berria, Olatz Igartua buru 

Lau urteren ondoren Besaideko zuzendaritza batzordea berritzeko momentua ere iritsi zen. "Ekipo polita sortu da zuzendaritza batzorde berrian eta aurrenekoz Besaideko lehendakaria emakumezkoa izango da. Egia da kosta zaigula erreleboa bilatzea, gaur egun ez da erraza konpromisoa hartuko duen jendea aurkitzea, baina talde polita sortu da eta orain arte egon garenok laguntzeko gertu izango gaituzte. Hala, zuzendaritza berrian izango dira Olatz Igartua, Elene Markaide, Luis Mari Mendarozketa, Andoni Altuna, Arantza Mendarozketa, Imanol Ibarra, Ibai Errasti, Leire Balentziaga eta Agustin Zugasti. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak