Lau tailer antolatu ditu Bibliotekak, literatura eta komikigintza lantzeko

Hasier Larrea 2023ko urt. 17a, 15:35

Miren Amuriza Plaza.

Euskarazko eta gaztelerazko idazketa ikastaro banatan, 6 urtetik gorakoentzako komiki tailerrean eta irakurketa klubean murgiltzeko gonbidapena dakar, urtea hastearekin bat, Arrasateko Udal Biblikotekak.

Miren Amuriza Plaza idazle eta bertsolariak sormenerako espazio bat eskainiko du, "gogoetarako, idazketarako eta elkartrukerako". Literaturaz eta hizkuntzaz arituko dira, idazketa prozesuen aurretiko, bitarteko eta ostekoez. Saioak hilean behin izango dira, otsailetik maiatzera, asteartetan –gehiago jakiteko edota izena emateko, klikatu hemen–.

Gaztelerazko idazketa tailerra, ostera, Isabel Albak gidatuko du, lau hitzordu desberdinetan hau ere. Literatura eta narratibaren aspektuetan sakonduko du, hala-nola egituretan, ikuspuntuetan, plagioan eta erritmoetan.

Sei urtetik gorakoek komikiak marrazten ikasiko dute Santamañako bibliotekan, Iñaki Martiarena Mattin komikigilearen eskutik. Ordu eta erdiko ikastaro laburra izango da, otsailaren 9an, 18:00etan hasiko dena. Neska-mutilek onomatopeiak, plano motak, pertsonaien sorkuntza, bineta eta burbuila zer diren ikasi eta tira bat egingo dute ostean.

Laugarren tailerra irakurketa klubak osatuko du. 9 eta 11 urte artekoei zuzenduko zaie Yolanda Arrieta, bakarka irakurritakoa besteekin komentatzen, iritzia osatzen, ikuspegia zabaltzen, adimena trebatzen eta bizitza partekatzen laguntzeko helburuarekin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak