Urtarrilaren 27an, 28an eta 29an ospatuko dituzte San Baleixo jaiak Meatzerrekan

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urtarrilaren 16a

2018an egin zuten mendi irteera.

Ohi moduan, urtarrileko azken asteburuan ospatuko dituzte San Baleixo jaiak Meatzerreka auzoan. Egubakoitzean, XL. Mus Txapelketa egingo dute, bertsolariek girotuko duten pintxo-poteaz gain. Horrez gain, askotariko ekintzak egongo dira asteburu guztian.

Peru Abarrategi, Xabi Igoa eta Ane Zuazubiskar bertsolariek girotuko dute jaiei hasiera emango dien pintxo-potea, urtarrilaren 27an, 19:30ean.

Egubakoitz horretan, 22:30ean hasita, XL. Mus Txapelketa egingo dute Meatzerrekako elkartean, zortzi erregetara. Izen-ematea 30 euro izango da bikote bakoitzeko eta 18:00etatik aurrera egin ahalko da. Sariei dagokienez, honako hauek izango dira: irabazleak txapela gazta eta diruaren %50 eramango du; bigarren sailkatuak, gazta eta diruaren %25; hirugarrenak, diruaren %15 eta laugarrenak diruaren %10.

Zapatuan, auzo bazkaria egingo dute 14:30ean eta 17:00etan, Lopene ganadutegiaren eskutik, zezen txikien eta ponien ikuskizuna egongo da. 18:30ean, berriz, txokolate-jana egingo dute ume eta gazteek. 21:00etan, azkenik, Kontralde taldeak kontzertua egingo du.

Domekan, azkenik, meza egingo dute 10:45ean San Baleixo ermitan, Gesalibarko eta Garagartzako abesbatzek lagunduta. 12:00etan, Txikitxu-Arrostaiz taldekoek euskal dantzak egingo dituzte elkartean. Ostean, luntxa edukiko dute dantzariek eta 14:30ean bukatuko dituzte jaiak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak