Bi norgehiagoka garrantzitsu jokatu ditu Ekiola-Ointxe taldeak aste bukaeran. Lauko finala egon da jokoan, eta lehian Arabako 1. sailkatua, Bizkaiko 1. sailkatua eta Gipuzkoako lehen bi sailkatuak.
Atzo AZ Participacion Araba taldearen kontra jokatu zuten finalerdia arrasatearrek. 70-54 irabazi ostean gaurko finalerako txartela lortu zuten. Gaurko norgehiagokan ere lan bikaina egin dute. Ordiziako taldea izan dute aurrez aurre 18:00etan hasi den partidan, eta 79-52 nagusitu dira. Lehen laurdena puntu batengatik galdu dute, baina azkar eman diote buelta markagailuari.
"Partidaz partida joan gara, baina denboraldi hasierako helburua zen partida hau irabaztea", azaldu du Ibarrak. "Atzoko partida zaila izan zen nahiz eta emaitzak beste gauza bat adierazi. Ez genuen arerioa ezagutzen, eta psikologikoki oso gogorra izan zen. Gaurko lehen laurdena galdu egin dugu, baina defentsa apurtzea lortu dugunean partida irauli dugu, eta atsedenetik aurrera nahiko ondo jokatu dugu".
Helburu berriak orain
Euskal Ligan beste maila bateko arerioak izango dituzte orain. Talde gogorrenak Iraurgi, Easo, eta, batez ere, Araba eta Gernika izango dira. "Partidaz partida joango gara, eta saiatuko gara horiek irabazten. Beste final baterako txartela lortzen saiatuko gara", esan du Ibarrak. Gauzak ondo joanez gero Espainiako txapelketarako txartela ere lor dezakete.
Gaurko lorpenarekin, gainera, hurrengo urtean ere onenekin lehiatzeko txartela eskuratu dute. Euskal Ligako taldea izango da hurrengo urtean Ekiola-Ointxe.