Euripean amaitu da partida eta etxekoen kontrako markagailuarekin; 7-15. Iruñeako La Unica taldea ez da edonor; bigarren sailkatuta daude taulan eta lider jartzeko aukera handiekin gainera.
Lehen zatian eman dute beraien onena Eibar-Arrasate taldeko kideek. Aurretik jarri dira eta 7-5 markatzen zuen markagailuak atsedena heldu denean. Itzuleran erakutsi dute nafarrek zergatik dauden taulako lehen postuetan. Berdindu eta aurretik jarri dira poliki-poliki.
Jokaldi politak ikusteko aukera eman duen norgehiagoka izan da.
Eibar-Arrasate taldeak sailkapeneko azken postuan jarraitzen du eta garaipenik eskuratu gabe. Ez ditu horrek gehiegi kezkatzen: “Talde berria gara eta hainbat lekutako jendearekin osatutakoa. Espero genuena baino hobeto joan da partida. La Unica taldea talde oso indartsua da eta Iruñean jokatu genuenean asko sufritu genuen. Gaur ere sufrituta galdu dugu, baina ondo jokatu dugu lehenengo zatia. Lehen zati horrekin gelditzen gara. Ikusten ari gara aurrerapauso oso handia ematen ari garela. Emaitzak etorriko dira”, azaldu du Olatz Orokieta jokalariak.
Eibarko eta Arrasateko elkarteek bat egin dute emakumezkoen talde hau osatzeko. Berria da, beraz. “Leku askotako jendea dugu; jende berria, gaztea, urteak daramana... Apurka apurka bat egiten ari gara, elkar ulertzen ari gara. Poliki-poliki emaitzak helduko dira”.
Hurrengo astean Durangoko taldearen kontra jokatuko dute etxetik kanpora.
Gizonezkoek irabazi egin dute
ARTko senior mailako gizonezkoek, berriz, erraz irabazi zioten zapatuan Atletico San Sebastian taldekoei. Emaitza 44-12 izan zen. Arrasatearrak bigarren kokatuta doaz taulan. Hurrengo astean Zornotzako Urgozo taldearen zelaian lehiatuko dira.