Galdu egin du Mondratek (2-6) Antiguoko taldearen aurka

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 7a, 18:25

Partidua lehiatua izan den arren Arkaitz Ribera entrenatzaileak adierazi duenez, ez da izan partidu "ona" bi taldeen aldetik eta Mondratek atzealdean egindako akatsak "garesti" ordaindu dituzte. Lehen zatia (2-3) amaitu den arren, bigarrenean nahi eta ezin aritu dira arrasatearrak eta amaierarako kolpe gogorra jaso dute.

Sailkapeneko bigarrena izan dute bisitari Musakolan arrasatearrek eta saiatu diren arren, kolpe gogorra jaso dute amaieran. Lehen zatiaren hasieran kosta egin zaie partidan sartzea Arkaitz Riberaren jokalariei eta garesti ordaindu dute hori. Kanpotarren lehen gola kontraeraso azkar baten ostean iritsi da eta hortik gutxira estrategiako jokaldi bat aprobetxatu du Antiguokok markagailuan aldea areagotzeko (0-2). Zuloa geroz eta handiagoa egiten joan dira kanpotarrak huts eta hirukoa lortuta; orduan Riberak hutsartea eskatu du.

Denbora hori ondo aprobetxatu du Mondrateko prestatzaileak gaizki egindakoak konpontzen saiatzeko, hutsartetik bueltan beste talde bat ikusi delako kantxan. Defentsan sendotasun handiagoa erakutsi dute eta horrek aukerak eman dizkie aurrealdean. "Eros"-ek penaltiz (1-3) aldea murriztea lortu eta hortik gutxira, Antiguokok bost falta eginak zituela aprobetxatuz, Mikel Elizaranek penalti bikoitzean hutsik egin gabe, gol bakarrera (2-3) utzi du markagailua. Bazirudien gertu egon zitekeela berdinketa baina atsedenaldira iritsi aurretik beste zaplazteko bat jaso dute (2-4).

Aldageletatik bueltan, nahi eta ezin

Bigarren zatira ere intentsitate handiarekin irten dira jokalariak, baina oraingoan nahi eta ezin aritu dira. Erasoan bai, baina aurkariak ez zuen ezer oparitzen eta gainera markagailuan alde egitea lortu du, bi eta bostekoa eginez. Partida amaitzeko zortzi minutu falta zirela, Riberak, atezain-jokalaria jarri du kantxan. Mondratekoek baloia mugitzea lortu dute baina Antiguokoren ate aurrean minik egin gabe eta neurketa amaitzeko gutxi falta zela, kanpoko taldeak, penalti bikoitzaren bitartez amaierako bi eta seikoa jarri dute markagailuak. Gauzak honela, Mondratek sailkapeneko bosgarren tokian jarraituko du beste aste batez; hurrengo jardunaldian Jarrilleros taldearen aurka neurtuko ditu indarrak.

Eskoriatzak, irabazi etxean

Tolosala taldea izan du bisitari gaur arratsaldean Manuel Muñoz kiroldegian eta garaipen garrantzitsua lortu du Eskoriatzak (4-3). Partiduaren aurretik puntu bat besterik ez zion ateratzen Eskoriatzak Tolosalari eta gaurko garaipenarekin zuloa handitu du aurkariarekiko. Hurrengo jardunaldian, Leioako Ibaraki taldearen aurka jokatuko du etxetik kanpo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak