Arrasateko Ospitaleko antzinako pabiloia eraisteko obrak hasi dituzte

Mirari Altube Arrese 2022ko abenduaren 30a

Osakidetzak jakinarazi du hasi dituztela Arrasateko Ospitaleko antzinako pabiloia eraisteko obrak; ospitale hori handitzeko aldez aurreko urratsa izango da.

Osakidetzaren asmoa da ospitalearen lehen egoitza izandako eraikina botatzea pabilioi berri bat eraikitzeko han. Pabilioi horren bidez eguneko ospitale mediko-kirurgikoa handitu eta endoskopia-zerbitzua eskainiko duen digestio-unitate berri bat eta errehabilitazio-zerbitzu berri bat sortu eta erresonantzia magnetikoko gela bat integratu ahal izango da ospitale barruan. Gainera, larrialdi-zerbitzurako base berri bat egingo da eta kanpoko kontsulten eremua handitu ere bai, Osakidetzatik jakinarazi dutenez. 100 plazako lurpeko aparkaleku bat ere aurreikusi dute.

Proiektuak 25 milioi euroko inbertsioa beharko duela gaineratu dute.

Eraispen-lanek martxora arte iraungo dute, eta adierazi dutenez ospitaleko asistentzia jarduerarekin bateragarriak izango dira. Obrak lizitatu eta esleitu aurreko exekuzio-proiektua datorren udarako prest egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak