32 urteko ibilbidea beteko duen egitasmoa esentzia galdu gabe itzuliko da, pandemian zehar ikasitakoak kontuan hartuta. "Aurten ere, zuekin eta euskaraz, Gabonetako oporralditxo hauetan ederto pasatzeko eta gauza ugariz gozatzeko asmoarekin gatoz. Ezin ahaztu jolasa eta Euskara direla gure ardatz. Hortik, datorkigu aisialdia hezitzaile euskalduna gauzatzeko eta amesteko grina", adierazi dute Txikilandiaren antolatzaileek gaurko aurkezpenean.
2021eko eta 2022ko aldietan egitarauak halabeharrez birmoldatu behar izan eta gero, 2023koa "bere osotasunean" ospatuko dute, Musakolako igerilekua, Uarkape eta gaztetxea erabiliz.
Ekintzen Laborategia
Txikilandiarekin batera, azken urteetan 9 urtetik gorakoei bereziki zuzendutako ekimena antolatzen aritu dira, GazteEkin izenekoa. "Baina aurten izenari buelta bat ematea erabaki dugu, eta Ekintzen Laborategia izendatzea erabaki dugu". Tren geltoki zaharreko gaztelekua erabiliko dute egitasmorako. Adin tarte honetarako espazio "oso egokia" dela deritzote, "aukera ezberdinak" ematen dizkietelako ekintza guztiak burutu ahal izateko. Bertako ekintzek edukiera mugatua izango dute, ekintza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa. Gainera, Txikilandian ere parte hartu dezakete 9 urtetik gorakoek.
Ikuskizuna, urtarrilaren 3an
Txikilandiaren bukaeran egin izan ohi duten ikuskizuna bigarren egunean izango da aurten, hilaren 3ko arratsaldean. Amaia antzokian, Porrotxinen 15.urtebetetzea ospatuko dute, Porrotx, Porrotxin eta Arrasateko eragileezberdinekin batera, "kantu eta dantza giroan".
Bonoak eta sarrerak
Txikilandia-zale amorratuenek hiru egunetako bonoa hartu ahal izango dute, 1 eta 3 urte artekoek, 5,5 euroan, eta 4 urtetik gorakoek 9 euroan. Eguneko sarrerak, ostera, 3 euroan eskuratu ahalko dituzte lehen adin tartekoek, eta 4 euroan bigarrenekoek. Amaia antzokiko ikuskizunerako 2 euro ordaindu beharko dute guztiek, helduek barne, eta Ekintzen Laborategiko hitzordu bakoitzerako, ostera, euro 1.
Udaleko Gazte eta Gizarte Sailak familia zaurgarriendako laguntza eskainiko du, prezio merkeagoak eskainita, seme-alaba guztiek jolasez goza dezaten. Familiok BAZen eskuratuko dituzte txartelak.
Informazio puntuak Biterin
Edozein zalantza argitzeko, abenduaren 27an –18:00-20:00– eta 28ean –11:00- 13:00, informazio-gunea jarriko dute Biteri plazan herritarren eskura, eta bertan Txikilandia eta Ekintzen Laborategia 2023rako sarrerak eskuratzeko aukera ere izango da.
Informazio gehiagorako, deskargatu azpiko bi eskuorriak.