Biharko krosean ez dira horrenbeste berotuko

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 16a, 15:18

Maiatzean egin zuten lasterketaren irudi batean, talde-burua.

Maiatzeko santamas krosean –atzeratutako edizioa izan zen– tenperatura altuak izan zituzten korrikalariek, baina bihar, zapatua, ez da halakorik gertatuko. Gainera, goizean beharrean kuadrillek arratsaldean egingo dute korrika, 17:30ean.

Bihar, zapatua, bati baino gehiagori egingo zaio Garibaiko etorbidea normalean baino luzeagoa, baina oraingoan ez dute, joan den maiatzeko krosean moduan, halako berorik pasako. Santamas krosaren 44. edizioa ohiko sasoira bueltatuko da, abendura, baina ez da erabateko normaltasunik egongo: "Ohitura da krosa santamas egunaren aurreko domekarako antolatzea, eta, oraingoan, zapatuan egingo dugu.

Eta ez hori bakarrik: lasterketa eguerdian beharrean arratsaldean izango da", adierazi dio GOIENAri Arrasate Atletiko taldeko presidente Jon Ormaetxeak. Eta motiboa sinplea da: "Domekan Arrateko krosa izango dugu, eta horrek gure hitzordua baldintzatu du". Izan ere, batzuek epaile lanetan jardun beharko dute Arraten, eta, horrekin batera, klubeko harrobiko gazte askok eskola arteko lasterketan hartuko dute esku: "Gure lasterketa ere domekan jartzen bagenuen, gazteen lasterketetan hutsune handia egongo zen. Horregatik erabaki dugu hitzordua arratsaldera pasatzea, eta ikusiko dugu zein den emaitza. Baina datorren urtean normaltasunera bueltatuko gara".

16:15ean hasita, gaztetxoendako lasterketak

Egunean bertan eman ahal izango da izena, eta parte hartzen lehenak 13-14 urte bitarteko gazteak izango dira, 16:15ean. 17:15ak arte kategoria txikietako lasterketak egingo dituzte, eta 17:30ean etorriko da kuadrillen txanda. "Aurten, gainera, Zure irrifarra nire indarra ekimeneko bi gaztetxo egongo dira lasterketan, aulki bereziekin lagunduta". Hasiera eta helmuga Garibai etorbidean izango dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak