Ezker Anitza-IU Debagoienak zineforum ziklo bat antolatu du palestinar eta israeldarren arteko gatazkaren berri eman eta kontzientziatzeko. Lehenengo hitzorduan sarrera historiko bat egingo dute, "bertaratuak egungo testuingururaino kokatzeko". Hala, Juan Luis Merinok hartuko du hitza, duela gutxi Palestinan Unadikum 2022 Brigadako kide izan denak. Ondoren, Gaza izeneko film laburra proiektatuko dute, 2019ko dokumental labur onenaren Goya sariaren irabazlea. "Film labur honek Israelgo armadak 2014an Gazako zerrendan egindako margen protector izeneko operazio militarrera eramango gaitu. Operazio horretan 2.251 palestinar hil ziren, 551 adingabeak. Dokumental hau Gazara, munduko aire libreko kartzela handienera, egindako bidaia da. Izan ere, Israelgo armadak lehorretik, itsasotik eta airetik hesitua dauka hiria, non 2 milioi gazatar ari diren barruan bizirauten", azaldu dute antolatzaileek.

Dokumental honen bidez, hainbat pertsonak egunero jasaten duten giza eskubideen urraketa eta Gazako Zerrendan biztanleria palestinarrak bizi duen blokeo eta gerraosteko egoera ezagutaraziko dute. Juan Luis Merinok azaldu duenez, "errealitatearen berri ematen duen lana da, Israelen okupaziopean dauden hirien eta jendearen istorioak kontatzen baitira".
Gaza filmaren proiekzioa Ezker Kultur Gunean egingo dute, Aldai kaleko 9.ean, sarrera librearekin edukiera bete arte.
