
Meza bukatu ondoren, Musakolako Jai Batzordeak eta Musakolako erretiratuen elkarteko batzordeak luntxa eskainiko dute erretiratuen etxean, 12:30ean. Ordu berean hasiko dute trikipoteoa ere, trikitilari nahiz gaiteroek alaituta, erretiratuen etxetik, eta Musakolako tabernetatik barrena ibiliko dira, bazkal ordura arte. Txikiteo horretan, halaber, tabernek txistorra edo beste jatekoren bat eskainiko diete hurbiltzen diren guztiei.
Auzoko jatetxe eta elkarteetan egingo dute bazkaria, "bakoitzak bere kontura", jai batzordetik adierazi dutenez. "Denboraz ibili erreserbak egiteko", diote. Bazkalostean, berriz ere trikipoteoa abiatuko dute, trikiti doinuez, auzoko kaleak alaitzeko, "iluntzera arte edo nork daki zein ordu arte!".
Bestalde, auzotarrei nahiz gerturatzen diren guztiei baserritar txapela eta zapia janzteko eskaera egin die jai batzordeak, "baita kamiseta berriak ere!".

Bukatzeko, argi utzi nahi izan dute Baserritar Egunarekin ez dutela beste inoren jai edo ekintzarik zapaltzeko asmorik. "Egun hau gehigarri bezala planteatzen dugu, bereziki ondoren datozen Santamasak edota Gabonak berotzeko asmotan", azpimarratu dute.
