5 urtetik gorako haurrei eta haien familiei zuzendutako saioa izango da. "Gure herrietako errealitatea kultur anitza eta eleanitza da. Aberastasun hori ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea da eskuartean daukagun proiektuaren helburua, beti ere euskara komunikazio eta kohesiorako tresna izanik", azaldu dute antolatzaileek.
Egitasmo horren baitan, Arrasaten bizi diren hainbat herritarren jatorrietako ipuinak ezagutu ahal izan dituzte aurreko kontaketetan; Kongo, Kolonbia, Brasil, Maroko, Nikaragua, Sahara eta abar. Oraingoan, Senegal izango da protagonista eta Hondarrezko herria izeneko ipuina kontatuko dute Ndank Ndank elkarteko kideek. "Senegalgo errealitatera gerturatzeko kontakizuna izango da, elkartasun balorearen indarra transmititzen duena". Hiru hizkuntzatan egingo dute saioa: euskaraz, woloferaz eta serereraz.

Senegaldar eta euskaldunez osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da Ndank Ndank. Bi komunitateen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzen dute, kulturartekotasuna goraipatuz, eta Senegalgo Dionewar herrian askotariko proiektuak dituzte.