Duela hilabete sortutako ideia izan zen, elkartean umorez egindako komentario batekin. Izan ere, Xabier Garin bazkidea bilbotarra da izatez, eta, horren harira, beste bazkideetako batek esan zuen "hanburgesa bilbotarra" egin behar zutela, ahal zen handiena.
Esan eta egin. Garinek berak hala kontatu du prozesua: "Ogia nik egin nuen, etxean, egubakoitzean. Hamar kilo kalkulatu nituen, gutxi gorabehera, eta beste hamar kilo haragi erosi genituen, proportzionala izateko. Saltzaileak harrituta begiratu zigun, ezin sinetsi. Horrez gain, lau kilo gazta, hiru kilo hirugihar eta hiru kilo kipula ere bota genizkion eta onddoak eta piperrak ere bai. Azkenik, ketchup, maionesa eta mostaza saltsekin, 32 kiloko hanburgesa geratu zen". Dozena bat arrautza ere erosita zituzten, baina ez zituzten erabili, "gehiegi" izango zelako.
Elaborazioa zaila izan zela aitortu dute. "Okelari kazola handi batean ematen genion forma, eta gero, hala moduz, labean sartu. Halako sendoera izanik, ez zen batere erraza izan okela ondo egitea. Lehenik alde batera sartu genuen, 40 bat minutuz, eta gero beste aldera, beste horrenbeste. Gaztarekin batera, goia jotzen zuen labean, ez zen sartzen".
Behin hanburgesa eginda, mozteko ere nahiko arazo izan zituzten. "Motozerra bat ekartzea ere proposatu genuen", nabarmendu du Dalmauk, barrez.
Laster, beste bat
Oraindik digestioa egiten ari direla adierazi dute, txantxetan, baina egingo dutela beste horrelako bat. "Behin digestioa eginda, laster beste horrelako zerbait egiteko asmoa dugu. Jendea hasi da ideiak botatzen, gauza bera saiheskiarekin egitea, adibidez. Ikusiko dugu".