Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua sortu du

Koldo Zubia Salas 2022ko abe. 5a, 12:27

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak dioenez, Etxebizitza Sindikatuaren helburua autodefentsa sozialista antolatuz bizi-baldintzak hobetzeko borrokatzea da eta, aldi berean, etxebizitza kalitatezko, doako eta unibertsala lortzea. Hau lortu ahal izateko, ordea, ezinbestekotzat jotzen dute Estatu Sozialista eraikitzea.  Abenduaren 21ean egingo dute sindikatuaren aurkezpena, Kulturaten, 18:30ean.

Etxebizitza Sindikatua sortzea erabaki du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak. Sindikatuaren aurkezpena abenduaren 21ean egingo dute, Kulturaten, 18:30ean.

"Eros-ahalmenaren murrizketa nabarmena, inoiz heltzen ez dira dirulaguntzekiko menpekotasun itogarria zein oinarrizko zerbitzuen kalitate penagarria" dira Deba Bailarako Kontseilu Sozialistaren ustez langile-klaseak egunerokotasunean bizi behar dituenak. Gainera, "krisi kapitalista honetan, burgesia langile-klasearen bizi baldintzei gogor eraso egiten diete", eta, Kontseilu Sozialistaren ustez, "argi ikus dateke instituzio publikoetatik soilik miseria kudeatzera muga daitezkeela".

Gure eskualdean ere etxebizitzarekin lotutako arazoak proletalgoaren egunerokotasunaren parte direla adierazi du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, eta horren adibideak hamaika direla: "Jabe txiki zein handien inpunitatea, presioak, mehatxuak, prezioen igoera arbitrarioa, etxebizitzen kalitatearen jaitsiera eta abar". Bestetik, joan den ikasturtean martxan jarri zuten etxebizitza asanbladarekin lortutakoarekin pozik daude; "tresna horren bitartez etxebizitzaren auzi gordinari erantzuteko baliabide zein esperientziak metatzen joan gara. Esaterako, Sadaqa Elkartearekin batera, irailaren 21erako data zuen etxegabetzea bertan behera uztea lortu genuen".

Testuinguru honi aurre egiten jarraitzeko asmoarekin sortu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua. Kontseilu Sozialistak dioenez, honekin, autodefentsa sozialista antolatu gura dute, bizi-baldintzak hobetzeko borroka eginez, baina, betiere, "borroka horiek Estatu Sozialistaren eraikuntzaren aldeko bidean kokatuz, soilik orduan lortu ahalko baitugu etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak