Kresimir Lulic izan da Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea

Hasier Larrea 2022ko abe. 4a, 22:08

Parte-hartze handieneko edizioan gailendu da Kresimir Lulic kroaziarra. Bigarren sailkatua Li Cong izan da, eta hirugarrena Vladimir Stupnikov. SUDCek –Arrasateko Elkarteen Elkarteak– ematen duen akordeoi jotzailerik jatorrenaren saria, berriz, Tobiasz Urbaniakek eraman du.

Nazioarteko epaimahaikideak honako hauek izan dira: Veli Kujala (Finlandia), kontzertista, irakaslea eta akordeoi klasikoko Helsinkiko zuzendaria Sibelius Akademian; Geir Draugsvoll (Norvegia), kontzertista eta Kopenhageko Musika Akademiako irakaslea (Danimarka); Ander Telleria (Euskadi), kontzertista eta irakaslea Zaragozako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan; Marko Sevarlic (Serbia), kontzertista eta 2014ko Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea; eta Mie Miki (Japonia), kontzertista eta Essengo Arte Unibertsitateko irakaslea (Alemania).

Hauspoz elkarteko antolatzaileek adierazi duten moduan, "epaimahaiak ahalegin handia egin du aurtengo edizioan, zailtasun handiak izan baitituzte atzo azken fasea jokatu zuten bederatzi lehiakideak kalifikatzeko orduan, puntuazioak oso berdinduak baitzeuden. Parte-hartzaileen kalitate altuak azken fase oso zaila ekarri du".

Estatu mailako lehiaketan, infantil kategorian Itsaso Lahera izan da irabazlea, juniorretan Naroa Otamendi, eta seniorretan Julen Murga.

Amaiera ekitaldian, Garazi Etxaburu dantzari garaikideak performance bat aurkeztu du Amaia antzokian, "lehiaketaren beste edizio bikain bati" itxiera emanaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak