Enrike Kabiketa memoriala izenez ere ezaguna da Kuadrillen Arteko Santamas Krosa. 16 urtetik gorako korrikalariek parte hartu ahal izango dute proban, eta eskualde-izaera izango du, hau da, "Debagoieneko kuadrillek baino ezin izango dute saria eskuratu", antolatzaileek azaldu bezala.
Arrasate Atletiko Taldearen webgunean –www.arrasateatletiko.com– eman beharko da izena, abenduaren 1etik 15era, edo probaren egunean bertan, Biteri plazan. Dortsalak Biteri plazan bilduko dira, izena emateko kuota ordaindu ondoren. Proba arratsaldeko 17:30ean hasiko da, baina, aurrez, beheragoko mailetarako probak garatuko dira, maila indibidualean eta tokikoan.
Kuadrillen arteko probaren arautegia
- Kuadrillen araberako sailkapenari dagokionez, talde bakoitzeko lehen lau sailkatuek puntuatuko dute, eta proban lortutako puntuak gehituko zaizkie, atletek banaka parte hartzen badute ere.
- Kuadrillen araberako sailkapenak egongo dira, gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoak, eta kuadrilla bakoitzeko lehen lau sailkatuak puntuatuko dira, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Kuadrilla mistoen sailkapenean taldeko lehenengo bi mutilek eta lehenengo bi neskek puntuatuko dute.
- Lortutako lau postuen batuketan puntuazio gutxien lortzen duen kuadrillak irabaziko du proba.
- Bi kuadrilla edo gehiagoren sailkapenean berdintasuna egonez gero, inplikatutako kuadrilletako laugarren sailkatuaren sailkapenik onena hartuko da kontuan.
- Kuadrillen arteko proba hau 16 urtetik gorakoentzat baino ez da, eta Debagoieneko kuadrillek bakarrik izango dute saria jasotzeko aukera.
- Izena emateko prezioa 10 eurokoa da.
- Irteera eta helmuga Garibai etorbidean.
Sariak, indibidualak eta taldekakoak
Maila indibidualean, garaikur bana eramango dute gizonezko eta emakumezko azkarrenek. Kuadrilletan, gizonezko, emakumezko eta kategoria mistoko lehen sailkatuek arkume bana eramango dute, bigarrenek launa untxi, eta hirugarrenek bosna oilasko. Sariak 18:30ean banatuko dira Biteri plazan.