Ez dabiltza nahi bezain fin Arrasate Rugby Taldeko senior mailako gizonezkoak aurtengo denboraldian. Partiduak borrokatu bai, baina ezin zelaian egindakoa emaitzetan islatu. Joan den asteko atsedenaldiaren ostean, indarrak berrituta, burua altxatzeko beste aukera bat izango du Kanpanzar Arrasatek bihar arratsaldean, Mojategin, 16:30ean hasita.
Zaleen berotasuna beharko dute sailkapeneko liderra den Elorrio Betsaideri aurre egin eta haiek baino puntu gehiago lortzeko. Partidu borobila egin beharko dute Julen Barrutiaren mutilek, alboko herriko errugbilariek ez baitute oraindik partidu bakarra galdu.
Estatistikak apurtzera
Hala, zazpitik zazpi garaipen ditu Elorrio Betsaidek; Kanpanzar Arrasatek, berriz, sei partidu jokatuta, lau galdu eta bi berdindu ditu. Joaneko neurketan 27-10 nagusitu ziren bizkaitarrak, baina han ikusi eta ikasitakoak baliagarriak egingo zaizkio Arrasateko taldeari estatistikak behingoz apurtzeko.
Norgehiagoka horren ostean, Euskal Ligako lehen ligaxkako beste hiru partidu jokatuko dituzte Kanpanzar Arrasatekoek, igoera edo jaitsiera faserako sailkatzen diren erabakitzeko.
Neskak ere, antzera
Jardunaldi honetan atseden hartuko dute AGT Arrasate/ Eibar taldeko emakumezko errugbilariek. Hilaren 18an itzuliko dira Eibar Rugby Taldearekin batera diharduten jokalariak Ohorezko Mailako lehiaketara, Uni Bilboren aurkakoan. Orain arteko bost partiduetatik bostak galduta, lehen garaipena lortzen saiatuko dira.