Aldiro obra berri bat ekoizten saiatzen da Ozenki, lirika ikuskizunak gustuko dituztenen gozamenerako. Apustu berezia egin dute, Gema Scabal eta Estibaliz Arroyo sopranoek, Antonio Torres eta Jon Imanol Etxabe baritonoek eta Facundo Muñoz tenorrak jarriko baitiote ahotsa Josean Garciak idatzi eta zuzendutako lanari. Opereta bat, hau da, antzeztutako komedia bat taularatuko dutenez, aktoreak ere igoko dira oholtzara; tartean, Imanol Gallego arrasatearra. Valen Moñux bergararra arduratu da dekorazioaz.
Manu Gallardo antolatzaileak aurreratu du Guridiren, Sorozabalen, Belliniren, Straussen eta Verdiren pieza ezagunak interpretatuko dituztela, baita 2023an opera bat ekartzeko lanean dabiltzala ere.
Hilaren 15eko gala lirikoa 20:00etan hasiko da, baina aurretik Ibai-arteren Gabonetako spota proiektatuko dute, primizian. 20 euroko sarrerak antzokiko leihatilan, arrasate.eus atarian eta Kutxabanken eskura daitezke.