Arrasateko Udalak, beste urte batez, Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu du eta herriko establezimendu guztiei dei egin die, "batez ere zerbitzuetan dihardutenei eta ostalariei", lehiaketan parte har dezaten.
Ibai-arteko ordezkariek, diseinuan aditua den pertsona batek eta udal ordezkariek osatuko dute epaimahaia.
Sariei dagokienez, "gorakada nabarmena" izango dute aurten, baita bozketan parte hartzen duten herritarrei emandako sariek ere:
- 1. saria: 1.000 euro.
- 2. saria: 700 euro.
- 3. saria: 600 euro.
- 4. saria: 500 euro.
- Herritarren saria: 500 euro.
- Haur eta gazteentzako saria: 500 euro.
Herritarren sarirako botoa ematen dutenen artean, 120 euroko bost bonu zozketatuko dituzte, eta haur eta gazteentzako sarirako botoa ematen dutenen artean, 50 euroko bost bonu, Arrasateko edozein saltokitan gastatzeko. Herritarrek abenduaren 12tik 18ra eman ahalko dute izena, herritarren sarirako, hemen eta haur eta gazteen sarirako, hemen.
Sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute, 17:00etatik aurrera.
Leiho eta balkoien lehiaketa ere bai
Iaz moduan, aurten ere Gabonetako leiho eta balkoien lehiaketa egingo dute, bigarrenez. Udal webgunean eman daiteke izena eta horretarako epea abenduaren 18an amaituko da. Halaber, herritarrek hemen bozkatu ahalko dute saria, abenduaren 19tik 25era.
Irabazleak 350 euroko saria jasoko du Arrasateko edozein saltokitan kontsumitzeko eta bozketan parte hartuko dutenen artean 120 euroko bonu bat zozketatuko da herriko merkataritzan gastatzeko. Iaz 8 etxebizitzak hartu zuten parte.