Agustin Markaide Soraluce (elikaduraren sektorea), Iñaki Latxaga Bengoetxea (arrantzaren sektorea) eta Fernando Martinez Bujanda (nekazaritzaren sektorea) dira 2022ko Gonzalo Nardiz saria eskuratu dutenak. Iñigo Urkullu lehendakariaren eskuetatik jasoko dute sari hori, abenduaren 13an, martitzena Araba Parke Teknologikoan egingo den ekitaldi batean. Jabier Herrero Arabako artistak beren-beregi sortutako artelana jasoko dute hain zuzen ere: argizari galduaren bidez brontzez galdatutako eskultura bat da.
Elikagaien banaketa-sektorea
Eusko Jaurlaritzako lehenengo Nekazaritzako sailburuaren izena darama sariketak eta deialdia bi urtez behin egiten da. Horren helburua da balioa ematea, batik bat, Euskadiko lehen sektoreko, nekazaritzako-elikadura kateko eta landa-inguruneko lanbide-ibilbide eredugarriei.
Markaideren kasuan Eroski taldean elikagaien banaketa-sektorean egindako "lan garrantzitsuagatik" eman diote saria: "Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduraren sektoreko balio‑katea berritzen eta garatzen eta bertako produktuak babesten inplikazio handia izan du".
Arrasatearraren aurretik Tomas Larrañaga antzuolarrak ere jaso zuen saria, 2014an, nekazaritza ekologikoan aitzindari izateagatik.